hurrengoa
the 99    Allah-k 99 ezaugarri zituen. Eta hain justu 99 superheroi ezberdinetan gorpuzten dira ezaugarri hauek mundu islamdarrean indar eta oihartzun izugarriarekin azaldu den komiki honetan. Aitzinean, Baghdad Hulagu Kahn kalifaren eskuetan erori aurretik, Dar al-Hikma liburuzainak mundu osoko ezaguera osoa 99 harrietan bildu zuen. Abentura ugariren ostean Noor izeneko 99 harriak Andaluziara eraman zituzten eta bertan "ezagueraren jauregian" gorde zituzten urtetan. Baina Rughal izeneko zaindari batek harrien jakinduria bereganatu nahi izan zuenean jauregiak su hartu zuen eta harriak desagertu egin ziren. Orain, mendeen ostean harriak agertzen hasi dira. Harria topatzen duen pertsona bakoitzak harriak gordetzen duen boterea eskuratzen du. Eta jakina, guztiari emozio apur bat emateko...Rughal maltzurraren gorpurik ez zen azaldu jauregiko sutean...
Komikiaren trama ez da oso originala. Superheroi komikiak ez dira sekula berritzaileak izan alor honetan. Gehiago jorratu izan da superheroiaren izaera, barne borroka eta gizartearekiko jarrera. Eta superheroien alderdi biluzi eta intimista horretan datza hain zuzen ere euren arrakasta. The 99 bildumak eskaintzen diguna, ezaguna ez zaigun erlijio eta gizarte baten begirada da. Guztia ikuspegi musulman batetik jorratua dago. Erlijio musulmanaren bertuteak zabaltzen ditu. Eta beno, honetan ere musulmanak ez dira batere originalak, maitasuna, kidetasuna, eskuzabaltasuna eta buruz dakizkigun abar eta abar aspergarri horietan oinarritzen da bilduma hau ere.
2007. urteko abuztuan hasi zen Dr Naif Al-Mutawa-k zuzentzen duen Teshkeel Comics-ek The 99 komikia argitaratzen. Orduz geroztik hilabetero kaleratu dira,Mutawa berak eta Marvel eta DC Comics-en lan egin izan duten Fabian Nicieza, Stuart Moore, Dan Panosian, John McCrea eta Sean Parsons-ek idatzi eta marrazten dituzten komikiak. 99 protagonista izanik eta ale bakoitzean super heroi berri bat azaltzen denez, bildumak bide luzea du aurrean. Gainera arrakasta handia izaten ari da gazteen artean eta herrialde musulman ezberdinetan argitaratzen da.