hurrengoa
sforzando    The baldeko itzultzaile eta partaide den Aritz Brantonek, antzerki lan berezi baten berri eman zidan. Portugaleko herri batean, bertoko biztanle eta musika bandako partaideekin gauzatutako antzerki popularra. ̈Pasako dizut grabaketa ̈. Antzezlana ikusi ondoren, zuzendariarekin, Ma- falda Saloiorekin, gisa hontako proposamen herrikoiez hitz egiteko aukera izan genuen, eta poztu ginen bere hurrengo urratsa Euskal Herrira ekartzea izango dela.
Nola eta zer beharrari erantzunez sortu zen Sforzando?

Sforzando Caldas da Rainhako – Portugaleko – CCC Antzokian egin nuen egonaldi artistikoan sortu zen. Hiriko “Banda de Comercio e Industria”rekin egindako ikuskizuna da. Denbora neraman, musika testu gisa, emozio motor moduan erabili nahi nuela. Banda filarmonikoek eta orkestrek duten antzerki-izaera naturalak eta poesiak zirrara sentitu arazten didate; daukaten indarra koru grekoekin zerikusi handia du; musikariek beren instrumentuekin sortutako erlazioa, gorputza bakar bat sortuz, indartsua da oso.

Bandak gure bizitzako momenturik garrantzitsuenetan azaltzen dira: festetan, hiletetan, dantzaldietan, errituetan… Musikak bizitzari bisita egiten dio momentu handietan. Sforzando, antzerkiaren eta gizartearen arteko, artearen eta egunerokotasunaren arteko zubiak aurkitu nahian jaio zen; antzerki bizia da, lekuetan murgiltzen dena eta bere sustraietatik abiatuz lan egiten duena.

Musikariak, antzezle ez profesionalak, aktore bihurtzeko lana ez zen samurra izango. Nolakoa izan zen prozesua?

Intentsitate handiko prozesua izan zen, bai pertsonalki, bai artistikoki ere. Hasierako lana bandaren entseguetara joatea izan zen, familia handi horren istorioetan murgildu egin nintzen. Geroago antzerki-dantzan prestakuntzeari ekin genion, musikariak sorkuntza prozesuan sartzen joan zitezen. Momentu hori oso garrantzitsua zen, lengoai artistiko komun bat aurkitzen hasi ginelako taldean. Baina, berehala, konfiantzazko eta gogo handiko unibertso bat sortu zen eta, honetan, haserako ezinezkoak posible egiten ziren… Taldea zoragarria izan zen, taldekideek sekulako eskuzabaltasuna erakutsi zuten eta baita, sorkuntzarako askatasun handia ere, eta hori ikuskizunarentzat opari paregabea izan zen.

Ia hitzik gabekoa, musikak eta mugimenduak bideratzen du antzezlana... Zer kontatzen du Sforzando-k?

Sforzando-k musikaren indarrari buruz eta orkestra baten sormen gaitasunari buruz hitz egiten digu, musika jotzeari ekiten dion orkestra, nahiz eta bere inguruan dena eraisten ari den. Bizitza honetan ahaleginez ibiltzen diren guztientzako ereserki bat. “Sforzando” hitzak, musikarien artean, “berehala eta indarrez” esan nahi du. Ikuskizunak egunerokotasun artistikoaz hitz egiten digu, bizirik irauten duena, pertsonek gustatzen zaiena egiteko duten indarra eta grinagatik…zeren egunerokotasun honetan baldintzak gero eta kaxkarragoak dira, baliabideak urriagoak…Orkestra ibiltari baten istorioa da, absurdoaren antzerkia, poesia, mugimendua eta musikaren bitartez bizitzaren gainean hitz egiten diguna.

Antzerki herrikoia. Popularra. Batetik lan kolektibo bat, bestetik lantalde handi hau zuzentzea. Nola erantzun diote parte hartzaileek jerarkiari? Nola bideratu duzu zuk aktore musikariekin harremana?

Egitasmo honek aurrera egin du, hasieratik konfiantzazko itun bat egon zelako gure artean eta elkarren artean sortzeko, ezinbestekoa da konfiantza hau izatea. Lan hau denon arteko sorkuntza bat izan zen, inprobisazioen bitartez, musikariek beraien unibertso propioa ekarri zuten ikuskizunera. Bandaren maisua – Adelino Mota – nire sorkuntza-kidea izan zen prozesuan zehar. Dramaturgia zein musika moldaketak partekatu genituen, bi lengoai horiek elkar zitezen. Taldea oso handia izan zen – 55 musikariena , eta Victor Andrade aktore profesionalaren kolaborazio puntuala ere izan zuen – baina beraien lan diziplina eta prestutasunak prozesua asko erraztu zuten.

Ez gara adituak, baina antzerkiak bi joera geroz eta nabarmenagoak dituela dirudi. Batetik komertziala eta sarrera salmentari zuzendua, bestetik esperimentala, interesgarria baina oso endogamikoa eta intelektualizatua… Ze leku dago herri antzerkiarentzat egun?

Artea pertsonen bizitzan sartzen denean, eta pertsonak artean, errealitatea irabazteko besterik ez duela uste dut; gauzak eraldatzeko eta gizatiartzeko aukera ematen digutelako. Antzerkia eta egunerokotasuna batzearen asmoa hizkuntza unibertsal bat aurkitzearena da, denboratik at dagoena eta begirada eta sorkuntza berriei irekia dagoena. Herriko antzerkia bizitza beratik abiatzen da, pertsonetatik, unibertso berrietara
iristeko, non arteak, kaleetan, leihoetan, etxeetan eta baita gure barruan ere bizitzen diren.

Euskal Herrian pastorala dugu. Herri guztiak parte hartzen duen antzerki popularra. Ezagutzen?

Oraindik ez dut Pastoralak ezagutzeko aukera izan, baina bai Zuberoako Maskaradak, eta zoragarri iruditzen natzaio nola herri oso bat murgiltzen den antzerki ikuskizun hori prestatzen. Liluragarri iruditzen zait, nola herritarrek arbasoen errituak berriz bisitatzen dituzten, dantza, antzerkia, janaria, eta bizikidetzaren bitartez. Festa hauek komunitateen barnean berritze zikloak markatzen laguntzen dute, eta uste dut, bizitzan, garrantzitsua dela zikloak ospatzea ( natura, nekazaritza, urte-sasoiak…)

Zerbait gehiago gehitu nahi zenuke?

Sforzando komunitatearekin garatutako azken lana izan da, baina aurretik, arrantzale, nekazarien herri eta dantza talde komunitate ezberdinekin egin dut lan. Proiektu mota hau Euskal Herrian garatu nahi dut, antolakuntza kolektiboaren tradizio luzea duen herri honetan, non talde ezberdinak oso aktiboak diren eta lengoai artistiko ezberdinak bateratuz proiektu oso interesgarriak egin daitezkeen.