audio
hurrengoa

Eta metaforak greba egin zeben...

jupiter jon

Konponketa eta ahotsaren tratamendu landuago bati esker soinu sendoagoa dakar Jupiter Jon laukoteak. Diskoaren azaleko kolore abstraktuek eta indartsuek ondo islatzen dute abestietan entzuten daitekeena: soinu eklektikoa, bizia eta zenbaitetan dantzagarria. Entzulearen harridura piztuko dute Gangsterrak operara doaz eta Satanak bezalako kantuekin. Baina askoz gehiago dago urteko disko interesgarrienetakoa den honetan.

hurrengoa

Serendipic Breakfast

The Dealers

R&B doinuak alboratu gabe Psikodeliaren bideari heldu dio azkeneko urteetan Gasteizko The Dealers taldeak. 60ko hamarkadan oinarritutako soinuari eta estetikari esker lan berria indartsu dator: Me and the Celling Fans abesti zuzena eta Requiem for Milko psikotropikoa dira horren lekuko. Diskoa agurtzeko aukeratu duten Mary told me abestian taldeak hartu duen sendotasuna erakusten du soka konponketa paregabeei esker.

hurrengoa

Egunkari ezkutua

Zura

Ilargi Handi, Zauri Zarae proiektuan Xabi Strubell gidari duen taldeak Lorcaren poesiak musikatu zituen. Kiribil bigarren diskoan bossa nova doinuak proposatu zizkigun. Orain, hirugarren diskoan, lehen kolpean sartzen diren rock doinuak dakartza. 90ko hamarkadako taldeen eragin zuzena erakutsiaz Txillardegiren Leturiaren Egunkari Ezkutua liburuan oinarritu dira diskoko abestiak sortzeko. Jurgi Ekizak hartu du ahotsaren lekua eta maisuki bideratzen ditu letrok. Iraganarekin hautsi eta etorkizunera begira dagoen rock disko indartsua osatu du Zurak.

hurrengoa

JP Lohian & Klonen Klana

JP Lohian & Klonen Klana

Abesti guztiak sortu eta abesteaz gain instrumentu guztiak jo ditu Joseba Poncek. Rock ilunean barneratu eta melodia kutsakorrez lagunduta disko sendoa osatu du. Horretarako badira punk rockera gerturatzen diren momentuak, Lobby hilobi, sintetizadoreen laguntzaz beste dimentsio batetara doazenak, Hiruki beltza, edo berehala harrapatzen zaituztenak Beldurra. Gutxitan gertatzen diren musika fenomeno horietakoa da hau, goza dezagun disko itsaskor hontaz.

hurrengoa

Art Angels

Grimes

Pertsona baten forma duen estralurtarra da Claire Boucher. Grimes-en laugarren diskoan ohiko pop egitura martitza- rrak entzun ditzakegu. Hori bai, abesti sinesgaitzak eta dantzarako erritmo etengabeak osatzeko duen gaitasuna mantenduaz: Flesh Without Blood. Ahotsarekin ezinezko jokuak egiten jarraitzen du eta bere festa berrira Janelle Monae ere gonbidatu du Venus Fly kantuan parte hartzeko. Kill V. Maim festagarriaren alboan Pin koloretsua kokatuaz betiko freskotasuna mantentzen du.

hurrengoa

II

Fuzz

Charles Moothart-ek eta Ty Segall-ek bere alderdirik gogorrena kaleratzeko sortu zuten Fuzz taldea. Beran- duago Chad Ubovich batu zitzaien baxuan. Distortsioa mugarik gabe erabiltzen duen taldeak 2013an argitaratu zuen lehendabiziko diskoa. Urrian argitaratu duten ‘II’ lan bikoitzean Black Sabath bezalakoen eraginari eusten diote eta horretarako Rat Race, Let it Live, Pollinate edo Bringer of Light kantu intentsuak sortu dituzte.