• 1
  • 2
hurrengoa
morrisey montevideon (eta hainbat oinaldeko ohar)    Abenduak 11. Loiuko aireportua. 17 ordu barru Montevideon izango naiz. Fakturatzen ari naizen bitartean ezin dut irudikatu oraindik Montevideora eramango nauen Iberiako hegazkin zaharkituan hankak nekez kabituko zaizkidala. Hegazkinetan lo hartzeko arazorik ez dut izaten. Batez ere afariarekin ardo botilatxo horietako bat (edo bi) edaten baditut aurretik. Maletak 11 kilo. *(1) Ondo. Bidaiatzen dudan bakoitzean ahalik eta gauza gutxien eramatea da lehen erronka. Bidaia bakoitzerako maleta egokiena egitea desa oa bihurtu zitzaidan aspaldi.
Baina 11 kiloko maleta perfektua fakturatu aurretik, maleta bera egin aurretik, Montevideora joateko aukera nuela jakin nuenean, beste zerbait egin nuen. Sarean, nire egonaldiak irauten zuen bitartean Montevideoko kultur agendak zer eskaintzen zuen ikuskatzen hasi bezain pronto Morrisseyren argazki bat ikusi nuen. Diciembre 17, Teatro de Verano. Joder! Comprar Entradas. Klik.

Ez da Morrissey Montevideora ekarri nauena (nahiz eta sekula irudikatuko ez nukeen koinzidentzia ederra izan den). Zinemak ekarri nau Montevideora. Ekarri gaitu esan beharko nuke. Espedizioan, zikloaren antolatzailea, beste zinema zuzendari bat eta ekoizle bat ere badaudelako. Uruguayko Cinematecak eta EHUko Territorios y Fronteras zine dokumental egitasmoak antolatu dute Memoria(s) y Futuro(s) *(2) izeneko zikloan parte hartzera etorri naiz pelikula labur batekin.

Uruguayko Cinematecak hirian zehar barreiatuta dituen zine aretoak beste garai batekoak dira. Montevideo bera beste garai batekoa dirudien moduan. Maria Josek, Cinematecako arduradunak zine areto ezberdinak erakutsi dizkigu. Horietako batean, La familia Kauffman/Vertov zikloa ospatzen ari dira. Beste areto batean Rock Hudson eta Doris Dayren Pillow Talk proiektatzen dute. Pocitos ondartzatik gertu dagoen aretoan, Euskal Herria izeneko nazio-holograma batetik ekarritako memoria eta etorkizun lanak. Pare bat orduren barruan nire pelikula aurkeztu behar dut bertan. Hobe aurretik, Cinemateca bertan dagoen bideoklub eta pelikula dendan*(3) kuskuseatzen ibili eta segidan garagardo bat edaten badugu ondartzatik gertu dagoen terrazaren batean.

Cinemateca eta Montevideo beste garai batekoak direla esaten dudanean ez dakit zehazki zein garaitaz ari naizen. Kontua da ezin dela esan Montevideo, edo Cinemateca bera, 50. edo 70. hamarkadakoak direnik. Ez. Garai ezberdinen nahasketak osatutako balizko garai batekoak dira. Esango nuke, Montevideo bera bere baitan, garai zehatz bat dela.

Cinematecako aurkezpenak egin aurreko egun libreak hondartzara joateko baliatu ditugu. Punta del Diablo izeneko herrixkara. Ia ez dago inor kostaldeko herri honetan. Aste pare bat barru, udako oporraldia hasten denean 40.000 pertsona inguratuko da apenas dozena bat taberna eta jatetxe eta supermerkatu parea (horietako bat Supermercado El Vasco izenekoa) duen herri hontara. Egurrezko etxetxoak, arrantza txalupak, hegazti ugari, *(4) hondartza ia desertuak,... bidaia agentzia bateko paradisuaren deskripzioa dirudien arren, halakoa da Punta de Diablo inztant honetan. Orduan, paradisuan egonik, zergatik aurreratu behar izango dugu Montevideora itzulera gaueko ekaitzaren ostean? *(5)

Eta orain berriro hemen naiz. Bere baitan garai bat den Montevideon. Uda atariko Montevideon. Horizontala eta paraleloa asmatu zen hirian. Montevideo, arkitektura ezberdinen nahasketa liluragarriaren hiria izateaz gain, mural, gra ti eta sinaduren hiria da. Mihise amaigabea dira kaleak, eta hain zuzen ere, hauek, eta etxebizitza askotan nabaritzen den denboraren iraganak dira, hiria harri-kartoi dekoratu batetik bereizten dutenak. *(6)

Kotxea egun gehiagorako alokatua dugunez Montevideotik atera eta egunpasa hondartzara bainatzera joan behar dugula erabaki dugu. Rio de la Platako txokolate uretan bainatu beharrean iparralderuntz jo dugu, itsasoruntz. Nik gidatzen dut kotxea. Bakarrik gidatzen dudanean erlaxatu egiten nau. Orduak pasa ditzazket kotxea gidatzen. Baina besteentzat txoferrarena egitea ere atsegin dut. Pilotua izateak, kotxeko elkarrizketetatik nahi duzunean ihes egiteko aitzakia ematen dizu. Kotxea gidatzea, literalki, auto-matismo ariketa izanik, abstrakziorako aukera ematen du. Montevideotik 114 kilometrora dagoen Piriapolisen amaitu dugu. *(7)

Abenduak 17. 21.00. Morrissey-ren zain gaude an teatro itxurako Teatro de Verano honetan. Goizean euria egin behar zuela zirudien arren gaua oskarbi eta epela geratu da. Garagardoa eskuetan eta eskenatokiko pantailan jartzen dituzten bideo ezberdinei so, inongo presarik gabe, erritmo uruguaiarrak kutsatuta, Davyhulmeko kantariaren zain gaude. Pantaila amatatu eta argiak piztu dira. Opera doinuak lagunduta igo dira Morrissey eta bere musikariak eskenatokira. Artikulu honen izenburuak kontrakoa iradokitzen badu ere ez dut kontzertuaren kronikarik egiteko asmorik.

Morrisey Montevideon ikusi eta entzuteko plazerra eta pribilegioa (yes the privilege is mine!) bertan izan ginenontzako gordeko dut.*(8)
Kontzertuaren amaieran argiak itzali eta iluntasuna itzultzen da. Itzuli diot, Montevideo gauez iluna delako. Txorien zorionerako, arbola eta parke ugari eta argiztapen eskaseko hiria da Montevideo. Kotxean, La Ronda tabernaruntz zerbait hartzera. Oraindik ez dakit baina bertara
iristen naizenean daikiria eskatuko dut. Ez dut inoiz daikiririk edaten. Nire garun irratiko DJak Morrisseyren kantuak jartzen jarraitzen du. Montevideo did not kill the radio star. Txorietzako aproposa bada, hiriak aukera ederrak eskaintzen ditu gautxorientzako ere.

Azken gaua. Udaren hasera ospatzeko kalean festa bat antolatu dutela esan digute. Reconquista festa. Reconquista eta Juan carlos Gomez kaleek bat egiten duten gurutzebidean. Bertaratu gara. Berandu. Honez gero jatekoa eta merkadillo postuetan erakusgai zegoena desagertu da. Kale gurutzbidean eraikitako tabladuan zuzeneko musika entzun *(9) eta Fenix izeneko tabernaren pareko paretan zine proiekzioari jaramon gehiegi egin gabe edaten jarraitzea aukeratu genuen. Ederra da uda neguan bizi zarenean. Morrissey ere azaldu da festan. There is a light that never goes out, Charming man eta Kiss me a lot entzun ditugu taberna itxi aurretik. Kalera atera aurretik taberna atarian azken dantza egiteko aukera. Hotela ez da urrun baina iruditzen zait ez garela inoiz iritsiko.


oharrak

*(1): Uruguayen uda dela kontuan hartuta hauxe izan zen 10 egunerako maletan sartu nuena: udako Dijon mostaza koloreko galtzak, 8 kamiseta, 2 udako jertse, navy ilun koloreko alkandora, alkandora zuria, polo beltza, udako retro polo beigea, amerikana grisa, 2 bainujantzi, 8 galtzontzilo, 6 galtzerdi pare, txankletak, adidas plaiera arin urdinak, ante larruzko nautikoak, nezeserrean hortzak garbitzekoa, ibuprofenoa, buruko minarako optalidon eta naproxeno sodico 550gr pastillak, Aqua di Gio, lactovit desodorantea. Bidaia poltsan bestetik, ordenadore portatila, Houellebecken Sumision liburua gazteleraz Anagramak argitaratua eta Gino Rodariren Gramatica de la Fantasia Booket edizio merkean. Orrialde zuriko koaderno bat, 16GB USB giltza, eguzkitako RayBan betaurrekoak eta bidairako propio inprimatu dudan Uruguayko hegaztien gida bat. Maleta egiteko estrategian kontuan hartu behar da ere bidaia egiteko jantzita eramaten denak destinuan erabilpena izan dezakeela. Kasu honetan denim galtza eta alkandorak, txorkatilan lotzen diren tweed telako Pointer zapatilla eta bomber jaka berde arina.

*(2): Izenburu bitxia zalantzarik gabe. Zinema memoria dela ez du inork ezbaian jartzen. Filmatutako irudi izoztu horiek iraganeko akzio -edo loso ko jarriz gero- bizitza baten aztarna besterik ez direlako. Baina etorkizun hitzak konotazio berezia du. Ba al etorkizunik zinemak? Hala bada,...Nolakoa? Eta bestetik parentesien arteko plurala.(s). Sortzaile ugariren lm ugari proiektatuko da abenduaren 15tik 20ra Montevideon. Bat batean jabetzen naiz, ni naizela ziurrenik egile guzti horien artean hemen egoteko arrazoi gutxien duena. Zaharregia naiz etorkizunaren parte izateko eta gazteegia memoriaren korpus horretan nire izena ikusteko. Badaezpada ez dut ezer esango.

*(3): Memoria(s) y Futuro(s) zikloaren antolatzaileak Cinemateca beran dagoen bideoklub eta bideo dendan erositako La vida Util pelikula oparitu dit. Cinematecan 25 urte lan egin ondoren, eta honen egoera ekonomiko kaskarra dela eta, Jorge, lanik gabe geratzen da. Jorgek ez du sekula zinetik kanpo lan egin. Orain mundu berrira adaptatzea tokatuko zaio. Pelikula bisitatu berri ditudan Cinematecako egoitzetan dago lmatua eta badirudi, orduz geroztik, ez dela paper bat ere mugitu. Filmak, Donostiako 2010. urteko Zinemaldian Aipamen berezi bat jaso zuen. Oparitu didaten DVD-aren atzekaldean, Rosalba Oxandabarat kazetari eta kritikoaren hitz hauek: ̈Una pelicula inusual, local y universal, cerebral y emotiva, un viaje a la memoria y un juego sobre un futuro largamente anunciado ̈. Memoria(s) y futuro(s) beste behin.

*(4): Uruguayko hegazti gidan bidaian ikusitako ia gehienak apuntatuak geratu dira. Asko izan dira, beste batzuen artean, koartza zuri txikia, koartza horia, churrinchea, teroa, ostreroa, kaio komuna, ubarroia, dragoia esaten dioten avus familiakoa zozoa, birigarroa, urre txirria, bular horiko belea, enara marroia, enara buru zuria, garrapoa, martin arrantzale txikia, viudita zuria bezalako txori txikia edo carancho harrapakaria, eta bidaiko txori behaketaren podiuma: buztan luze bikoitza duen tijereta elegantea, bertan cardenal esaten dioten hegagorri ikusgarria, eta kasualidadez, etxola aurrean genuen agapanto landare lorera jatera hurbildu zen kolibri berde liluragarria (uruguayen pica or izenenaz ezaguna).

*(5): Ekaitzak soilik ez duelako Punta del Diabloko etxola bisitatu. Labur azaltzearren, Latinoamerikako Suiza delako honetan, lo nengoen bitartean nire etxolara sartu eta balioa zuen guztia lapurtu didate. Beno, ia guztia. Goizean goiz, etxola alboko dunetan zakurra paseatzera eraman duen tipo batek bertan topatu duelako Morrisseyren kontzertu sarrera eta nire pasaporte espainola. Eta onartu behar dut nire pasaporte espainola berreskuratzeak poza eman didala. Lapurketa dela eta, Egun ia osoa polizi artean pasa ostean, inoiz lmatzerik izango ez dudan komedia baten protagonista sentitu naiz. Baina esandakoa, hori errepikatzea eta berregitea ezinezkoa litzatekeen pelikula bat da.

*(6): Memoria(s) y Futuro(s) zikloaren antolatzailea, zinema eta zinemaldi zuzendaria eta haren ekoizlearekin kotxean hiriko kaleetan barna. Ekoizlea, berez arkitektua da ogibidez. Montevideok duen aberastasun arkitektonikoaz mintzo zaigu adibide ezberdinak erakutsiaz. Zinemaldiko zuzendariak, ETAko kide batek, pornoa proiektatzeagatik Bilboko zinema areto bat metrailetaz tirokatu zuenekoa kontatu digu. Solasaldiak, zikloaren babesle den Katy ́s izeneko jatetxean jarraitu du. Montevideok, solasaldirako aukera eskaintzen duen hiria da. Edo akaso gu gara, zinelistoak, solasaldirako joera eta aukera izaten dugunak. Edonola, hiri honetan ia inoiz egiten ez dudana egin dut ia atsaldero. Siesta.

*(7): Whisky. 2004. Pablo Stoll eta Juan Pablo Rebella. Azken urteotan Uruguayek eman duen lmarik arrakastatsuenaren eskenatokia dira Piriapolis eta bertoko Argentino hotela. Juan Pablo Rebellak bere buruaz beste egingo zuen pelikula estreinatu eta bi urte beranduago. Uruguay da Hego amerikan suizidio tasa altuena duen herrialdea. Hontaz hitz egiterakoan, Cinematecako arduradun baten laizismoak zerikusia duela esan du. Beste batek herrialdearen izaera aspergarria aipatu du.

*(8): Zaila izan arren ez da einezkoa konztertu baten kronika on bat egitea. Baina nik ez dut horretarako talenturik. Ez nuke asmatuko bertoko giroa eta sentipenak islatzen. Ahots liluragarria mantetzen du Morrisseyk, hori esan dezaket. Eta kantuen hitzak eta bere atzeko pantailan erakusten dituzten irudiei erreparatuta Morrisseyrena espektakulu politiko gisa de nitu litekeela. Eskertzekoa da egungo panorama artistikoan, ia denak neutro eta zintzoak direnean, Morrisseyren moduko aho beroa. Ados egon edo ez, biztanle bakoitzeko 4 behi dituen herrialdean ̈Meat is murder, you are murderers ̈ eta gisako leloak botatzea eta animali hiltegi irudiak botatzeak jarrera ausartatzat har liteke, kakotxa artean bada ere.

*(9): Egunez eta gauez jo zuten taldeak: Dealer de Flores, El Falso Paul, Los Intrusos, Los Oxford, Cuchillo y los Cobardes, Dinamita y la Swing Factory, Surpluss, Los Nuevos Creyentes, Hotel Paradise eta Hablan por la Espalda.