• 1
  • 2
hurrengoa
cabin porn    Nik txabolak maite nituen, hipsterren artean modan jarri aurretik. Beraz, ez da harritzekoa Interneten Cabin Porn gunearekin topo egin izana. Cabin Porn ( www.cabinporn.com ) photolog bat da. Txabolen argazkiak biltzen ditu, eta Interneteko fenomeno bilakatu da azken urteotan, batez ere hirietako jende modernoaren artean. “Porn” hitzak ondo deskribatzen du gunea, beste zerbaiten bila dabiltzanak erakartzeaz gain: txabola baten irudi eder bat bestearen atzetik, bakardadearekin eta naturarekin amets egiteko etxeko sofatik, istripu, suge eta akainengandik salbu, benetako esperientziaren arriskuetatik, alegia. Sexu segurua. Vimeo-ren fundatzaileetako batek, Zach Kleinek, abiatu zuen bloga, 2009an. Azken urteotan, komunitate bat sortu du Kleinek New York estatuko baso batean: egurrezko etxoletan bizi dira kide batzuk; beste batzuk, asteburuak pasatzen dituzte. Elkarlanean osaturiko bloga da Cabin Porn: mundu osoko lagunek bidalitako argazkiekin elikatzen dute. Horietako bat neu naiz. 2013. urtean, Aste Santuko oporrak pasa nituen Duero ibaiko erribera aldean, eta han ardoa gordetzeko lurrazpian eginiko soto batzuen irudia hartu nuen. Hura argitaratu egin zuten, nik bidali eta egun gutxira.

Klein eta lagunek esan dutenez, irakurleek bidalitako 13.000 argazki dituzte argitaratzeko ilaran zain. Cabinporn.com-ek sekulako arrakasta izan duenez, orain liburu bihurtu dute. Irailean argitaratu zuten. Geroztik, New York Times-en salduenen zerrendan agertu izan da, eta Amazonen gehien erositakoren bat izan da (bere kategorian, noski).

Nire argazkietako bat liburuan argitaratu dute. Argazki oina gaizki jarri dute, ordea: zoritxarrez, ez naiz inoiz Häjerdalenen (Suedia) egon. Euskal Herritik hurbilago egin nuen argazkia 2013an, Gaztelako Palenzuela herrian.
Interneten aroko kolaborazioak eman dezakeenaren adibide polita iruditzen zait Cabin Pornen kontua. Ideia sinple batek jendearen ezkutuko beharren bati erantzuten dio, Interneteko fenomeno bihurtzen da, eta, azkenean, objektu fisikoa.

Cabin Porneko Zach Klein aberatsa da. Ni ez. Eta, halere, beste askok bezala, doan lagundu egin diot dirua irabazten liburuarekin. Ekarpena egin dugun argazkilariok ez dugu kobratu. Halere, liburukote ederra etxera bidali digute opari.
Mendira ere eramaten dut liburua. Izan ere, ez dut izan nahi txabolen pornoak pizturiko baso, egur eta bakardadearen fantasia kitsch horiekin etxeko egongelan masturbatzen diren lumbersexual horiek bezalakoa. Instagramen bidez ere jarrai daiteke Cabin Porn: www. instagram.com/cabinporn/
Eta, aski ez duenak, ikus ditzala jendeak Instagramera #cabinporn traolarekin igotzen dituen argazkiak: www. instagram.com/explore/tags/cabinporn/