hurrengoa
la intrusa myrian gartzia   I  myrian gartzia 2015eko Espainiako Dantza Saria irabazi dute La Intrusa taldeko Damian Muñozek eta Virginia Garciak. Gasteiztarrak biak baina atzerrira joanak euren sorkuntzari soka luzea emateko, egun Bartzelona eta Milanen artean bizi dira eta bertan garatzen dute euren dantza lana eta sorkuntza. Aurten, 20 urte beteko dira La Intrusa dantza taldea sortu zela eta urteurrenak eta Espainiako sariak lanean harrapatu ditu Virginia eta Damian. Mud Gallery/ Azal Ederreko Animaliak azken lana estreinatu zuten aurreko abenduan, Donostiko Gazteszenan.

“Gizakiaren alderik aurriena edota hondoratzailetik abiatzen gara, norbere buruaren onarpen eta eraldaketa prozesuari esker, zauriak orbain ederrak bilaka daitezkeelako. Suntsipena bai baina suntsipen hori ederra izan dadila” azaltzen digute Virginiak eta Damianek Mud Galleryri buruz. Saihestezina, inperfekzioa, aldaera, gauza guztiak osoak ez direla onartzea, itsusia dena ederra ikustea edota akatsen liluraz hitz egiten digu La intrusak Mud Gallery dantza lan berri honetan. “Gure sentipenek eta sentsazioek ez gaituzte eder egiten, beraiek aurre egiterakoan erakusten dugun grinak baizik” dio Virginiak. “Guretzat, Mud Gallery, batik bat esperientzia da. Prosezua luzea izan da, eta arrazoi bital eta sormenezkoengatik, erronka bat behar genuen. Alde batetik, mugimenduarekiko eta horrela, beste gorputz batetik ezarritakoa dekodi katu, sortzaile eta interprete bezala hazteko. Azken finean, tresnak sortzea eta sakontzea gure imaginarioan dagoena eszenaratzeko”.

Korapilo honetan murgilduta harrapatu ditu Espainiako Dantza Sariak. Hasiera batean, “harriduraz hartu dugu, ez genuen espero” dio La Intrusak, baina “aurrera egiteko ilusioa eta bulkada eman digu. Askotan ez dakizu nora eramango zaituen zure lanak eta horregatik, asko eskertzen da tamaina honetako aitorpena” jarraitzen du Virginiak. Izan ere, epamahaiak aitortu zuenez, dantzarako lenguai berrien sorreran egindako lanagatik saritu du La Intrusa. Hitzaren erabilera edota zuzeneko musika izaten dira Gasteizeko dantza taldeak erabiltzen dituen tresnak, dantza lanari narrazioa eta esanahia emanez. “Adierazteko beharrak agindutako guztia onartzen dugu. Eszena bat planteatzen dugunean, dena da posible. Dantza bera beste tresna bat da, beste aukera batzuen artean” jarraitzen du dantzariak. Lenguai berriak sortzea “ia gure eguneroko ogia da” dio La Intrusako kideak. “Lenguai berriak sortzea baino, guk gurea sortzea eta garatzea. Neurri batean, sormena probokatzea. Batzutan aldaerak txikiak izan daitezke, ohartzeke heltzen direnak baina, hari horretatik tiraka agertzen dira egitura eta kode berriak. Oso exigenteak gara gure buruarekiko, eta saiatzen gara sorkuntza bera etengabeko probokazio egoera mantentzen”.

Euskal Herrian La Intrusaren sariak apenas izan du oihartzunik. Programatzen dituztenean, gutxitan, etortzen dira jaioterrira, baina datzaren hizkuntz unibertsalak lagundurik, nazioarte mailako birak egiten ditu La Intrusak, Europa zein Amerikako oholtzak zapalduz. “Arte eszenikoak berez badaramate deserrotzearen DNA. Antzokiak, publikoa, jaialdiak, konpainiak... ez dira etxera etortzen, zu joan behar zara haiengana. Hasieran kuriositatea da, ikasteko grinak eramaten zaitu kanpora. Baina interesgarriena eta beharrezkoa da dantzariak eta sortzaileak babestea, kanpoan profesionalki hazi eta garatzen badira ere, etxetik lagunduta sentitzea eta, horrela gure ibilbidea partekatu eta aurrera egin ahal izateko”.