Untitled unmastered
Kendrick Lamar
To Pimp a Butterfly (2015) erraldoia gainetik kendu ezinik gabiltzala Kendrick Lamarrek ezustean disko berria argitaratu du. Deskarteek osatutako lan honetan jazz, hip- hop, sintetizadore eta soul hipnotikoa bildu ditu. Lamarrek bizi duen sormen momentu erraldoia baieztatzeaz gain azkeneko urteetan ezagutu dugun rap abeslari onenaren aurrean gaudela erakusten digun diskoa.
The Catastrophist
Tortoise
Jarraitzaile zorrotzenak hasebeteko ez baditu ere, The Catastrophic diskoak Tortoise gehiago ezaguzeko balio digu. Oraingoan, ahotsak sartzen ausartu da talde instrumentala. Horretarako, bi gonbidatu bereziren laguntza izan dute: Georgia Hubley (Yo La Tengo) entzun dezakegu Yonder Blue balada zoragarrian, eta Todd Rittman (U.S. Maple) Rock on indartsuan.
Bat
Rural Zombies
Azken aldian gure inguruan sortu diren talde dotorenetakoa da Rural Zombies. Juliaren ahotsak gidatuta, elektronika, pop eta rock doinuak nahasteko modu sofistikatua erakusten du. Foals taldea ekartzen digu gogora eta Fall eta Golden abestietan puntu gorenerera iristen badira ere, merezi du diskoa osorik entzuteak.
Salve discordia
Triangulo de Amor Bizarro
Zaila da Triangulo de Amor Bizarrok bere diskoetan biltzen duen soinu-atmosferatik ihes egitea. Distorsioarekin hitzarmena duen laukote galiziarrak argitaratzen duen disko bakoitzeko hazi egiten dela berretsi du. Baile Sumaria kantuan dantzalekura gerturatzen badira ere, astinduko zaituzten gitarra kapez beteta dator diskoa.
Azel
Bombino
Dirty Projectors taldeko Dave Longstreth arduratu da Niger-eko musikariaren disko berria ekoizteaz. Aurretik, Black Keys taldeko Dan Auerbach-ekin egin zuen lan. Desertuko rock hipnotikoarekin jarraitzen du hemen, eta, oraingoan, gitarra doinuei ahotsaren jokoak batu dizkie, Mdou Moctar-ek egiten duen bezala. Trance-ra eramango gaitu Timtar abestiarekin.
Amorante
Amorante
Azkenaldian entzun dugun disko bereziena argitaratu du Amorantek. Bost kantuk osatutako diskoa da, eta, guztien artean, aparteko mikro-mundua osatzen dute. Dorre baten gordetakoak abestiko giro akustiko eta dramatikoek harrapatzen bazaituzte, itxaron Dogma unkigarrira heldu arte. Lehen minututik harrapatuko zaituen lana. Berezia eta handia.