hurrengoa
planik gabekoentzat plana    Poesia-liburu baten aurkezpena frakasoaren urtebetetze festa ospakizun baten modukoa da. Ekintza poetikoa da berez poesia-liburu ororen aurkezpena. Halaxe dio Haciendo planes liburuaren egileak, Karmelo Iribarrenek, bere aurreko lanaren aurkezpenetik pasa diren hiru urteen ostean, “berriro liburu berri baten argitalpena ospatzeko denak bilduta egotea ospatzeko modukoa da. Batez ere egotea”.

Karmelok, poetak, erdi brometan eta oso serio, zera onartu du, berak denboraz idazten duela nagusiki, igarotzen den denboraz eta eguraldiaz, “del tiempo que pasa y el tiempo que hace”. Poetak liburua aurkezteko ekarri duen beste poetak, Harkaitz Canok, aipatu bezala, “liburu berri honetan, urteak dituen lau sasoiez idazten digu: udazkenaz, udazkenaz, udazkenaz eta udazkenaz”, ironiaz marrazturiko liburuaren azalak kontrakoa iragartzen badu ere.

Liburu berriko poema batzuk irakurri dizkigu Karmelok. Eta, tarteka, poema horiek nondik datozen azaldu. Ez sakonegi. Karmeloren fan klubekoek badakigulako poema berdinak idazten dituela beti. Edo ia beti. Poetak dioen moduan, “bizitza bera hiru edo lau gauzez osatuta dagoelako”. Irakurketaren ostean, galderak eta komentarioak. Bapatean, poesiaz mintzo den jendea entzutea anakronikoa eta modernoa iruditu zait. Biak aldi berean. Poemaren eta poesiaren gai eternala.

Plan hoberik ez genuenon bileratxoa amaitzeko, Karmelok azken ukabilkada eman du, ohi duen hitz ekonomiaz: ”Poesia, poemaren konbustioa ematen denean gertatzen den hori da”. K.O. P poesia liburu baten aurkezpenera joatea baino plan hoberik ez zuen Itziarrek esan zuen moduan, “puntua, amaiera eta orri zuria”.

Zeruertza

Logikoa da
azken orduan
koloreak ateratzea:
eguna gezurretan pasatzen du.




Hasiera eta amaierak

Maiasunak eta amesgaiztoek
elkarren antza dute
maindireak nahasteko orduan,
soilik horretan,
maitasunaren hasieran.




Pasilloak

Etxeetako pasilloak leku dramatikoak dira.
Batzuetan
–batez ere goizetan,
lanera joan aurretik–,
elkar maitatzeari utzi dioten bikoteek
bertan egiten dute topo,
aurrez aurre,
eta asko kostatzen zaie orduan
begietara ez begiratzea.