hurrengoa
john lydon: beti ez naiz perfektua    Normalean, elkarrizketak saio batean egiten dira, aurrez aurre edo, gero eta gehiago, telefonoz edo emailez. Jhon Lydon-i egin diogun elkarrizketa hau, ordea, ezhoikoa izan da. Elkarrizketa gure kolaboratzaile eta itzultzaile den Aritz Brantonek egin zion, telefonoz, eta oso solasaldi atsegina izan omen zen. Hainbeste, elkarrekin ¨Feelings ̈ klasikoa kantatzen amaitu zutela. Bira prestakuntza Usurbilgo Higain estudioan egin zuen Public Image Limited-ek. Eta nork egin zien harrera hedabideei eta moderatzaile- itzultzaile lanak? Bai, aste pare bat lehenago telefonoz elkarrizketa egin zion gure Branton jaunak. Beraz, telefonoz egin zen elkarrizketarekin batera, aurrez-aurre izandako elkarrizketa ere egiteko aukera izan genuen Lydon jaunarekin. Elkarrizketa, garagardoak eta zigarretak. Prentsaurrekoa bukatu eta hedabide “handiek ̈ alde egin ostean, Branton gure in ltratua, John Lydon eta Haritz Harreguy (Higaingo teknikaria) estudioan sartu eta Shoom kantua jotteari ekin zioten. Eta gure Press Corps argazkilariak (Ibai Arrieta eta Ion Markel) terrazara igo eta argazki ederrak atera zizkioten punkaren erregeari.
John Lydon-ek (Keith Levine eta Jah Wobble-kin batera) Public Image Limited sortu zuen 1979an. Geroztik, taldeak 19 kide izan ditu, 10 album, eta ehunka kontzertu eman ditu. Azken selekzioak Donostian jo du maiatzean.

AB: Public Image gogo handiz egiten ari da grabaketak eta kontzertuak.

JL: Bost urte eta erdi daramatzagu elkarrekin, birak etengabe egin ditugu, eta bira honetan gure album berria (zoragarria iruditzen zaiguna) zuzenean eman nahi dugu, abesti zaharrago batzuekin batera. Eta abestiak, batzuetan, jendearen arabera aldatzen dira.

AB: Abesti zerrenda aldatzen al da kontzertuan zehar?

JL: Bada, bai, goitik behera. Batzuetan, ez dugu abesti bat egiteko gogorik, baina energia hori publikoak ezartzen digu; publikoa beste taldekide bat da, elikatzen gaituen energia da. Harremanari dagokionez, kontzertuak eliza modukoa dira. Erlijiorik gabe. Gizakiok giza moduan portatzen gara, eta hori, rock-ekitaldi batean, oso ezohikoa da.

AB: Rock-ekitaldi gehienak hotzak eta aldez aurretik programatuak al dira?

JL: Bai. Pop-izarrek beren bertuteak erakutsi nahi dituzte eta oso distantzia handia dago beraien eta publikoaren artean. Niri, bereziki, besteen begiak ikustea gustatzen zait. Pertsonekin harremanetan ari naizela jakitea gustatzen zait. Horrek hizkuntza-langa guztiek eraisten ditu eta emozio-maila batean gara, gizaki bezala.

AB: Beraz, ingelesa ulertzen ez duen publiko batentzat jotzea ez da arazo bat.

JL: Abestien hitzak eta musika uztartzen ditugu transmititu nahi ditugun emozioak adierazteko. PILen abesti guztiak emozioen gainekoak dira. Abesti batzuk tristeak dira; beste batzuk, alaiak; batzuk haserre-haserreak; beste batzuk, basatiak; baina ez dago gorrotorik. Nire amaren heriotzaren gaineko abesti batzuk daude, eta disko-arrada kakofonia zoragarriarekin egiten dira.

AB: “Death Disco”, esaterako.

JL: Bai, “Swan Lake”-ekin batu nuen, eta emaitza oso indartsua dela uste dut. Oraindik ere abesti horrek negarra eragiten dit kontzertuetan, hunkitzen nau benetan. Eta hori entzuleengan ikusten dut: badakite zer den egiten ari naizena, eta haiek ere badituzte halako sentimenduak. Hori musikarekin partekatzea lorpen bat da niretzat. Musikak hori egin dezake.

AB: Gaur egun, letren %90 “Heartbreak Hotel” edo “Heartmake Hotel”-en gainekoa da. Gai horiek, noski, kontu garrantzitsuak dira gure bizitzan, baina hitz egiten dugunaren %90ak ez du lekurik abestietan. Abestietan sartzeko egokiak diren bizpahiru gai esango dizkidazu?

JL: Hotelean piano-jole bat izanez gero, abesti bera eskatzen diot beti: “Feelings”. Eta, gehienetan, suntsitzen dute. Baina hori da, niretzat, dibertigarriena eta hunkigarriena. Eta, niretzat, abestia behera etortzen ari dela (hain gaizki jotzen dutelako), daukan benetako emozioa ateratzen zaio.

AB: Beraz, emankizun birtuosoetatik urrun gabiltza...

JL: Bai, batzuetan birtuosoarenak ez gaitu hunkitzen. Japoniarrek, esaterako, jazza imitatzen dute ehuneko ehunean, baina ez diote ezer gehitzen. Beraz, nota guztiak perfektuak dira, baina hori ez da lorpenik handiena. Batzuetan, tonua pixka bat galtzea hobe da. Biolinek tonua galtzen dutenean pixka bat, maite ditut. Horrek bihotzean hunkitzen nau. Beharbada irlandarren intonatzeko modua da!

AB: Nola deskribatuko zenioke zuen musika, esaterako, Mongoliatik iritsi den lagun bati, zuen musikarekin harremanik inoiz izan ez duen bati?

JL: Litekeena da pertsona horrek PILekin harremana izatea. Oso urrun dauden lekutan jotzen dugu. Bizimodu eroa eta ijitoen modukoa duten lekuetan oso harrera beroa egiten digute. Bertakotzen gara, antza. Baina ulertzen dizut. Egiten duguna nola azalduko nuke? Emozioak. Eta sailkapenik gabe. Ez dut inoiz musika egin lau hormen barruan ezkutatzeko.

AB: Behin, New York-eko abeslari batek esan zuen egun txarretan ere barre eragiteko moduan behintzat izango zela, hori espero zuela.

JL: Nire modukoa! Nire familian, tradizio irlandarra da ezkontzetan negar egitea eta hiletetan barre egitea. Gauzak hankaz gora jartzen ditugu, ondo begiratu, eta orduan bizitza jasangarri bihurtzen da.

AB: Beraz, bizitza horrela begiratu behar dugu: gauzak hankaz gora jarrita.

JL: Bai, eta gure burua serioegi ez hartu. Geure buruaz barre egitea oso ezaugarri ona da.

AB: Eta umorerik onenetakoa.

JL: Bai, bizitzan gehiago ikasi dut komikoengandik eta umoretik, intelektual zorrotz eta aspergarriengandik baino. Egia esan, normalean ez naiz umorerik ez dutenengan datzen. Halako pertsonek ez dute enpatiarik izaten.

AB: Umorerik ez dutenak ez dira pertsona serioak.

JL: Hori duk, motel!

AB: Ez dakit galdera hau begien bistakoa den ala oso zaila, baina musika entzuten duzunean, zer da gehien hunkitzen edo pizten zaitzuena?

JL: Musikak nire gustukoak diren lekutara eramaten nau, eta nik buruari aske ibiltzen uzten dio, erabat. Terapia mota bat da, azken batean. Eta hori egiten ari naizela, edozein gauza gerta daiteke. Arriskutsua da, eta ikaragarri gustatzen zait. Ea dakit zer bururatuko zaidan. Musikari nire buru barruan margotzen uzten diot. Trantze batean sartzen nau, eta, horregatik, trantze-mugimenduarekin maitemindu egin nintzen. Suaren inguruan biluzik ibiltzen ginen garaira itzultzen gaitu, iraganeko, historiaurreko nonbaitera.

AB: Zer da zuretzat kontzertu on bat, eta nola neurtzen duzu?

JL: Batzuetan okertzen naiz erabat, eta kontzertua txarra izan dela pentsatzen dut (ez dugula publikoarekin harremanetan jartzea lortu), baina, oholtzatik ateratzen garela, erantzuna kontrakoa izan dela ikusten dut. Ez naiz beti perfektua. Normalean, enpatia hori badago eta antzematen dut: orduan ona dela badakit. Batzuetan, kriston gaizki jotzen dugu (dena gerta daiteke) eta, hala ere, mezu zuzenak komunikatzea lortzen dugu. Kontua da oreka bat lortzea; alde batetik, nota perfektuak eta jotzeko trebetasuna; bestetik, emozioak aske ibiltzen uztea. Mutur horien artean ibiltzea da kontua. Mutur batera joanez gero, ez gabiltza ondo.

AB: Beraz, grabatuta dagoena oholtzan jotzea, besterik gabe, okerrena izango litzateke.

JL: Bai. Heriotzaren musua izango litzateke, eta azkar batean erretiratuko nintzateke. Lotsatuko nintzateke, erabat. Baina Duracell-eko untxia naiz: aurrera eta aurrera joaten naiz.