• 1
  • 2
hurrengoa
talenturik gabeko gizona(k)    Uhertzean, gizon bat ibaiko uretara pixa egiten. Maskuria husten duen bitartean irribarrea ezpainetan. Haren alboan, lau kainaberaz eginiko etxola modukoaren barruan, haur txiki bat kontrako norabidera begira. Adi! Komiki honen azaleko irudiak iruzurtzen zaituelako. Mun no Hito (Talenturik gabeko gizona) komikiaren azala ireki eta istorioan barneratzen zarenean, uneren batean edo bestean zure bihotzak krask nola egiten duen sentituko duzulako. Duela 10-15 urte hasi ziren gurean, ohiko gaiez gain, istorio intimista eta errealistagoak kontatzen zituzten komikiak agertzen. Nobela grafikoa izena eman zitzaien eta askoren harridurarako, beren tokia lortu zuten argitalpenen merkatuan. Hein handi batean kaleratzen ziren lanen kalitate eta originaltasunaei esker. Japonian ordea, fenomeno hau 80. hamarkadaren hasieran hasi zen. Manga egile batzuk beren lan pertsonalak garatzen eta argitaratzen hasi zirenean. Horien artean dago Yoshiharu Tsuge, korrontearen kontra igeri egin zuen manga egileen aitzindaria.
1937. urtean jaio zen Tsuge eta bi arazo nagusi zituen: 2. guda mundial osteko pobrezia gorria eta bere izaera lotsatia. Bi hauei aurre egiteko marrazten eta komikien bitartez dirua irabazteko modua topatu zuen. 60 eta 70. hamarkadan, gekiga manga eta erotismo eta surrealismo kutsuko eragin handia zuten lanak egin zituen eta japoniar avant garde komikien izen handienetakoa zen. 80. hamarkadarekin, manga munduak askatasuna galdu eta lan baldintza izugarriak ezartzen zituen negozio bihurtu zen. Tsugek ere, bere bizitzan izandako aldaketekin batera (ezkondu eta semea izan zituen), bere estiloa guztiz aldatu zuen.
Yoshiharu Tsuge depresio denboraldi luzeak pairatzen hasi zen. Eta denboraldi horietan manga errealista eta autobiografikoak marrazten hasi zen. Horien artean, Mun no Hito (Talenturik gabeko gizona) liluragarri eta mingarria, Garo aldizkarian atalka argitaratzen hasi zena. Aurretik erabilitako estilo landu eta xehetasunez beterikoa alboratu eta marrazkera zuzen eta garbiaz, komiki honetan, Atxagak esango lukeen moduan, ╠łgizona eta bere bakardadeaz ╠ł inoiz baino ageriago eta zuzenago hausnartzen hasi zen. Lanbide batetik bestera saltoka, frakasotik frakasora, Sukezo Sukegawa protagonistak hartzen dituen irtenbide ezberdinek (argazki kamera zaharrak konpondu, harriak saldu,...) geroz eta sakonago amiltzen dute. Sukezo, existentzialismotik nihilismoran doan zubia gurutzatzen ikusten dugu komikiaren orrialdeak aurrera egin ahala. Emaztearekin duen harreman pozoinduak eta gizartearekiko sentitzen duen bazterketa eta ezin ulertua. Bere semearen inozentziak, eta harenganako duen maitasun saihestezinak, tarteta, itxaropen printzaren bat erakusten badigu ere, itxaropenan ipurtargien argia balitz, berehala amatatzen da.
1987an, maitasun harremanaren amaieragatik bere buruaz beste egiten saiatzen den gizonaren istorioa argitaratu zuen Ribetsu (Despedida) izenburuaz, eta orduz geroztik ez du beste lanik argitara eman. Jakin badakigu, 1999. urtean emaztea minbiziak jota hil zela eta semearekin Tama ibaiko uhertzeko etxe batetara joan zela bizitzera. Diotenez, oraindik, 78 urteko gizon bat, Tama ibaiko uhertzera gerturatu, galtzak erantzi eta bere ibaira pixa egiten du, bere talentua bertan hustuaz.