hurrengoa
boj tira-kortxoa    Etxe guztietan dago ̈tira-kortxo ̈ bat. Modelu, sistema eta itxura askotako tirakortxo ugari dago, baina gu liluratzen gaituena David Olañetak 1932an diseinatu zuen palanka bikoitzekoa da. Gure etxeetan, bizitza osoa daramaten hainbat diseinu industrialeko tresna ia ikusiezin baina ezinbesteko horietako bat da, latak irekitzeko kakoa edo kraskagailuaren moduan. 1905ean, Eibarren, Manuel Barrenetxeak, Bernardo Olañetak eta Vicente Juaristik sortutako Boj enpresak, ardoarekin zerikusia duten hainbat produktu sortzen eta ekoizten darrai. Egun, sortzaileen hirugarren belaunaldiak eusten dio enpresari, eta beren produktuak 31 herrialde baino gehaigotan saltzen dituzte. Tartean, guztiok hontza tira-kortxo gisa ezagutzen dugun tresna eder, ergonomiko eta martziano hori.
Oharra: Bai. Badakigu tira-kortxo hitza ez dela esistitzen. Guk asmatu dugula eta erdarakada (frantses eraginekoa hain zuzen) nabarmena dela, baina kortxo-kentzeko tresna, tapoi-kentzeko gailua edo kortxo torlojua hitz guztiz ortopedikoak iruditzen zaizkigu, eta ze demontre, hitzak asmatzeko eskubidea daukagu! Bestela, etorri dadila euskararen polizia eta eraman gaitzala euskera adoktrinamendu zentru batera.