hurrengoa
brokeback mountain-ek kontatu ez zuena... odlok   1991. urtean Idaho-ko hiriburuan dagoen Boise State University-ra joan nintzen urtebetez ikastera. Hori zen asmoa behintzat. Boise ederrean pasa nuen lehen aste hartatik ez dut apenas oroitzapenik. Oroitzapen onik esan nahi nuen. Ongi akordatzen naizelako besteak beste sentitzen nuen izuaz. Unibertsitateko erresidentziaren batean gela lortzeko zerrendan izena eman nuen. Hiru egun eman nituen motel batetako gelan itxaroten eta urtebete etxetik kanpo pasatzeko erabakiaz damutzen. Jakina da pasadan mendean Idaho-k euskal etorkinen ugari hartu zituela. Eta ni, luxuzko etorkin izutua, berehala jo nuen "nitarrengana". Ederki hartu ninduten. Moteleko gelatik ateratzen nintzen tarte eskasetan erosi berria nuen bizikleta hartu eta Gernika tabernara joaten nintzen. 21 urte betetzeko 3 geratzen zitzaizkidan eta pitufoen elikagaia den zarzaparrilla zerbeza zen bertan edan nezakeen gauzarik gogorrena. Gernika tabernara egin nuen hirugarren edo laugarren bisitan gertatu zen. Barraren parean eserita zegoen Willie Nelson itxurako gizon batek behatzekin beisball kapela ukituaz agurtu ninduen.
-Where are you from son?
-From the Basque Country...–harro–
Oh the Basque Country... where the men are men...and the sheep are scared.
(Oh Euskal Herria... gizonak gizon eta ardiak beldur diren herrialdea).
Ni eta nire euskalduntasuna isilik geratu ziren.
Kirolarien erresidentzian tokia nuela esan zidaten handik bi egunetara. Motela ahal izan nuen azkarren utzi (zein erakargarriak diren motelak...pelikuletan) eta unibertsitateko bulegoetara abiatu nintzen. Paper batzuk sinatzeko eman zizkidaten eta nationality jartzen zuen tokian Portugal idatzia zegoela jabetu nintzen. Ez nuen ezer esan. Badaezpada. Euskaldunok genuen fama ikusita ez zitzaidan gaizki iruditu urtebetez portugaldarra izatea.