audioa arkaitz villar
hurrengoa

Beach Boys

“Pet Sounds”·Capitol Records 1965

Brian Wilson-en maisulana. Tony Ashe-ren laguntza izan zuen kantuok idazteko. Disko honekin taldeak ordura arte landutako doinuekin apurtu eta beste dimentsio bat bilatu zuen. Poparen eskutik eta folk ukituekin, lan pertsonal eta intimista sortu zuen Wilsonek. Momentuan arrakasta komertzialik lortu ez bazuen ere, taldeak argitaratutako lanik eraginkorrena bilakatu da denborarekin. Beatles-en “Sgt. Pepper’s lonely Hearts Club Band” lanerako inspirazio iturri izan zen.

hurrengoa

Pink Floyd

“Animals”·EMI Records 1977

77an eta George Orwellen “Animal Farm” liburuan oinarritua, Pink Floydek “Animals” disko kontzeptuala kaleratu zuen. Gizakiak txerri, zakur eta ardi bezala sailkatu zituzten “Dogs” edo “Sheep” bezalako abestietan (diskoko kantu osatuenak). “Pigs On The Wing” kantuaren bertsioekin osatu zuten lana. Sistemaren kontrako kritikaz betetako kantuekin osatua, rock progresiboaren bidea uztartzen duen diskoa dugu. Ez da taldeak argitaratu zuen lan arrakastatsuena baina badu bere xarma.

hurrengoa

Ramones

“Animal Boy”·Sire Records 1986

Ze indarra duen disko honek! Ramonesen ibilbidean jendeak ahaztu egiten duen disko horietako bat da baina taldeak abiadura biziena hartu zuen unea islatzen dute kantuok: “Love Kills”, “Animal Boy” edo "My Brain Is Hanging Upside Down (Bonzo Goes to Bitburg)". Gainera punkaren alderdirik azkar eta ilunena erakusten dute “Somebody Put Something in My Drink” bezalakoetan.

hurrengoa

Animal Collective

“Water Curses”·Domino Records 2008

Brooklyn-go kolektiboaren diskorik berriena. Brooklyngo animali “cool”-enek sortu dituzten kantu berrienak. Pop-art delakoaren isla garbiena: esperimentazio eta melodia garbi nahiz ezinezkoen arteko nahasketak irudimen handiko abestiak sortuaz. “Water Curses” edo “Peacebone” bezalako kantuetan, egindako guztiarekin apurtu eta ezinezko egiturak erabiltzen dituzte giro abstraktu nahiz pisodelikoak lortuaz. Ongi etorri kolore aberatsek betetako mundura.

hurrengoa

Andrés Calamaro

“El Salmón”·Dro 2000

Muga guztiak hautsi nahi izan zituen Andres Calamarok disko honekin. Bost albumetan ehun eta piko kanta bildu zuen. Horretarako etxean grabatutako bostehun kantuetatik aukeratu behar izan zuen. Bere sekretu pertsonalenak biltzen dira lan honetan (onerako eta txarrerako) eta artistak bizitako garai hauskorrenaren isla da. Industriak inoiz kaleratu duen diskorik luzeena eta arriskutsuena da eta Calamaroren ibilbidean gainera parentesi bat suposatu zuena.

hurrengoa

Kid Koala

“Your Mom´s Favourite Dj”·Ninja Tune 2006

Jazzetik hip hopera doazen kantuak eskaintzen dizkigu Kanadako Koala honek. Baina Kanadan ba al da eukaliptorik pizti honi jaten emateko? Berdin dio biniloak direlako koala honen elikagai nagusia. Hemen jarri dudan diskoaz gain “Some of my best friends are Dj´s“ edo “Nufonia Must Fall” aipatu behar ditugu. Baina zuzenekoak dira artista gazte eta bitxi honetaz gozatzeko aukera egokiena.