hurrengoa
gojira: dinosauro garaikidea judas arrieta   I  judas arrieta Dragoiak iraganarekin lotzen ditugu. Egipto, Babilonia, Ekialde Urrunean, Ozeano Bareko uharteetan eta amerikar kontinentean dragoia, indarra eta abileziaren sinbolo gisa izan da miretsia. Greziarrek eta erromatarrek, dragoiak ezagueraren iturri zirela uste zuten. Iparraldeko itsasoetako bikingoentzat dragoiak kostaldean eta ibai bokaletan bizi ziren izakiak ziren. Ur dragoiak edo Kraken izena ematen zitzaien. Europar erdi aroko eta errenazimenduko margoetan dragoiak gudari ausarten ezpataz akabatuak azaltzen dira. Sigfrido, San Jorge eta San Miguel dira dragoi hiltzaile famatuenak eta bide batez Erdi aroko lehen superheroiak .Zinean azaldu ziren lehen dinosauroak Prehistoric Man (1905) izeneko filman ikusi ahal izan ziren. 1913an D.W. Griffith mitikoak zuzenduriko Brutte Force filman ere dinosauroak erakutsiko dizkigu. Aurrerantzean, AEBtako industriak behin eta berriro erabiliko ditu animalia hauek emozio handi eta palomita zaporeko zine komertzialenean.
1954. urtean, ishiro Honda-k dinosauroak erabiliko dituen saga luze bati hasera emango zion Gojira filma idatzi eta zuzendu zuen. Oraingoan ordea dinosauroa mundu garaikidean azalduko da parean jartzen zaion guztia suntsituaz. Japoniako Odo irlako biztanleak Gojira (Gorina: gorila eta Kujira: balea) sakrifizioak eskatzen dituen jainko bat dela sinisten dute baina zientzialariek berehala deskubritzen dute ur azpiko glaziar batetan izozturik zegoen historiaurreko dinosauro bat zela eta botere izugarria emango dion bonba atomiko batek esna arazi duela (1945. urteko holokausto nuklearraren metafora garbia). Japoniak garaian egoera post atomikoa bizi zuen eta pelikula honek -eta ondoren egingo ziren guztiak- arma nuklearren erabilera eztabaidatuko du. Gojira oso famatua egin zen berehala. Ikusle askorentzat, nahiz eta Japonia eta mundu erdia suntsitzen duen, heroi bat izango da Gojira. Gizakiak azken finean landatutako haziaren fruitua jasotzen ari dira.