hurrengoa
animali dokumentalen kontra eta david attenborough-ren alde uxueta labrit   Haurtzaroan telebista piztu eta dokumental bat azaltzen zenean, jaramon gehiegirik egin gabe ikusten genuen. Haurrek nahiago dituzte liburu eta marrazki bizidunetako animalia espresibo eta ilustratuak -ume mokotan dokumentaletaz gozatzen duten haurrak, gero torero, hiltegi langile edo ingurumen sailburu bihurtzen dira-. Gero gaztaroan, ikasle garaian, klasera joan beharrean pisu kideekin batera sofan etzan eta dokumentalak ikustea eguneroko ohitura bihurtzen da. Bazkalosteko kafean porroak erretzearen ohiturak ere badu honekin zerikusirik. Kontua da pertsona humanoak garenetik, telebista piztu eta beti topatu izan dugula animalien inguruko dokumentalen bat. Eta aitortu dezagun ia beti “La2” katean izaten dela. ETB saiatu zen Julen Guerrerori urteko aurkezle onenari Iparraguirre saria eman zion dokumentalen programa harekin... ez dezagun ordea bizarrik gabeko lehoiaren kontura barrerik egin.
Dokumentalak ez dira guztiak berdinak. Kasu batzuetan, dokumentalgilea animalien inbidia sentitu eta protagonista bihurtzen saiatzen da. Costeu-ren dokumentalak adibide. Azkenean, Calypso, Philip, eta urpekari horiaz potrotaraino amaitzen duzu.
National Geographic-ek eskaintzen dizkigun dokumentalek ere argazki zuzendaritza liluragarria izaten dute. Liluragarriegia. Eta Felix Rodriguez de la Fuente... beno hainbeste idatzi da bere filmaketa modu krudeletaz ez dugula hemen errepikatuko animalia tortura zerrenda… badaezpada. Onartu behar da ordea, haren “El hombre y la Tierra”-ren sintoniak ez duela parekorik. Egun, animalia dokumentaletan ezartzen ari den korronte batek gogaitzen gaitu: animalien humanizazioa. Dokumentaleko animaliei izenak jartzen zaizkie, gizakiek sentitzen ditugun emozio berberak gehitu eta ia ohartu gabe, Disney faktoriako film bat ikusten ari garela iruditzen zaigu. Eta gehienetan, hori lortzeko trikimailuak eta nabarmenegiak diren postprodukzio teknikak erabiltzen dira. Eta emaitza, askotan, animalia on eta gaiztoen arteko sailkapen gezurrezkoa izaten da. Horregatik gustatzen zaizkigu BBC-ko dokumentalen ikuspuntu zientifiko eta neutrala. Eta horregatik, bazkalosteko porroen garai hura ia ahaztuta dugun honetan, David Attenborough-en seriotasun eta giza zentrismo ezaren jarraitzaileak izaten jarraitzen dugu. God save Sir David Attenborough!