hurrengoa
bunkerdes. guda arkitekturak I. david zapirain/ II. borja izagirre   I

Surf egiten arratsaldea eman duen mutil argalak gaur ere ez du Belharra ikusterik izan; bai ordea neska lirain eta kurbadun ikusgarri bat, bere oholtza furgonetan gorde eta Sokoako bidea hartu duena.

Gure mutil argalak, eguzkitako betaurreko italiarrak hartu eta motorra abiatu du, nora joan jakin ez eta neskaren kurbak iparrorratza hartuta. Neska berriz buhameen gunean utzi du bere furgona, eta bidegurutzearen borobilaren gibelean dagoen xendran zehar desagertu da. Betaurreko italiardun mutil argala, bidexidorraren ondoan dagoen porlanezko plataforman eseri da, jakin gabe...
...1941eko bedatsean Reese teniente naziak eta Schmidt lieutenienteak buhameek presaka eta korrika hustutako gunean okupatu zutela, alimalezko tokia, inondik inora. Haien agindupean 286. Itsasarmadako artilleria batailoiak urtebeteko lana eman zuen. Gure mutil argalaren tatuaiaren marrazkia ondo kamuflatu da porlanezko plataforman dagoen landarerian. Landareak, grafitiak, freskagarri-latak,... “non demontre eseri naiz”, galdetzen dio bere buruari? “zer da hau? Bunker bat ala?...
... bunker, blockhaus, kasamatak, agindu-guneak,... Reesek eta Schmidtek, ordea, ederki asko dakite zer diren eta non kokatu gerra eraikin horiek. Harresi atlantiarraren zatia eraikitzen ari ziren. Harresiaren Ba59 gunea zen hura, eta toki honetan paratu zuten milaka lehergailu, metraileta, hegazkinen aurkako jaurtitzaile, eta abar... Bidasoa eta Aturri ibaien artean ereindakoaren zati txiki bat baino ez zen. Zertxobait urrutiago, esate baterako, Hendaiako hondartzan eraikitako “X” forma zuen lantxen aurkako eraikina ikus zezaketen largabistarekin. Biarritzeko solairu askotako gotorlekuak, ordea, urrun xamar gelditzen ziren. Ez, gure lagun donostiarrak ez zekien honen inguruan deus. Baina gerrarako eraikina zenak sortu arazi dion lilura neskarekiko arreta ahantzi arazi dio. Gerra hura aspaldian ahantzi egin zen bezala. Agindu gunea eserilekua da berarentzat. Ikastolako haurrek Abadiako bunkerrak (edo dena delakoak) aspaldian hartu zituzten. Belharraren taupadek kasamata gehienen oinak jan egin zituen. Eta hondartzak altzeiruz eta sufrez zipristintzen zituzten etxe suntsituezinak, suntsituezinak dira egun. Edo hala uste zuten Reesek eta Schmidtek. Reesek eta Schmidtek asko zekiten, bai, baina inoiz ez zuten irudikatu euren eraikin suntsituezinak aisialdi tokiak bilakatuko zirenik, kresala usaiaz gozatzera doan jendeak grafitiz, aulkiz, kioskoz eta landarez hornituko zutela.

II

Aitzinean, guda garaiean, indar militarrek gotorlekutzat sortu gintuzten etsaietatik babesteko. Bizkaiatik Iparralderainoko gure kostalde guztian zehar gaude. Mendi tontorrean eraiki beharrean, gazteluen moduan, itsaslabar eta hondartzetan kokatu gintuzten, lurralde eremuak zaintzeko, itsasoak bortizki astintzen dituzten harkaitzak bagina.
Hortzemuga, itsasoa, izan da beti gure ikusmuga bakarra; lehen frankotiratzaileen leku gogokoenak ginen eta gaur berriz etxebizitza preziatuenek beteko luketen tokietan gaude, bertako paisaiaren zati eta aintzineko guda garaien lekuko bezala. Gure hormigoizko eta altzairuzko horma lodi eta estalkien bitartez, itsaslabarren magaletan forma organikoak sortzen ditugu natura artifizial bat eraikiz.
Horma hauek, armarriak bailira, babeserako beharrezkoak ziren espazio “ergonomiko” minimoak soilik besarkatzen zituzten. Guda gizonen ezkutaleku ginen eta lehen gure begi urratu eta zabalekin ikusten genituen bortizkeri eta liskarrak gaur bakez beteriko aisialdi eszenak bihurtu dira; pertsonen, itsasoaren, itsas kaioen eta oroitzapenen topagune. Gure izaera aldatu bada ere ez dugu sekula Iparra galdu.

Bunkerrei buruz gehien sakondu duen teoriko kulturala Paul Virilio (Paris 1932) izan da. Hamar urtetan zehar Atlantikoko kostaldeko bunkerrak aztertu eta bisitatu zituen Leica argazki makina batekin, eta emaitza bere lehen liburua izan zen, gudaren teknologiei buruzko saio arkeologiko bat: “Bunker Archaeology. 1975”. Bai Auschwitz eta Hiroshimako gertakariek bai bunker hauen aurkikuntzak Paul Virilioren ibilbide filosofikoa zehaztu zuten, teknologia berrien suntsipenerako gaitasunaz kezkaturik.