hurrengoa
nollywood odlok   Bideo kamara, lantalde tekniko eta artistiko murritzak, hiru asteko epea, aurrekontu ikusezina... Aitzineko ahozko kulturak teknologia berriekin bat egiten duen lurraldean munduko 3. zine industriarik oparoena loratu da. Ongietorriak Nollywood-era.
Mota guztietako filmak egiten dira. Gehienetan atzerriko filmen argumentuak kopiatu eta Nigeriako errealitatearen alor ezberdinak istorio horietan txertatzen dituzte. Afrikar kontinentean, mendeetan zehar, belaunaldi batek hurrengoari ahoz kontatu izan dizkio istorioak. Oparoa eta amaitu ezina dirudi beraz Afrikako istorio iturria. Aurrekontu eta medio eskasekin filmatuak izan arren indar eta energia handia islatzen duten filmak dira. Nigeriarrek nigeriarrentzat eginiko pelikulak, azkar filmatuak eta dvd kopietan banatuak. Afrikako herrialderik populatueneko biztanleek, edozein merkatuan, bi edo hiru dolarren truke eskuratu dezakete pelikula bat. Kopia eta pirateoari aurre egiteko, astero-astero berritzen da film eskaintza. Mendebaldeko zine industriaren zimenduak zalantzan jartzen dituen datu bat: Nigerian urtero egiten diren 1200 filmek, guztira, 20 milioi euroko aurrekontua dute (Hollywood-eko film txiki baten modukoa).

Bestetik, askok uste duenaren aurka, ez da Nollywood bakar bat existitzen. Ez da industria bakan eta bateratu bat. Nagusiena eta Nigeriako mugetatik kanpo gehien ezagutzen dena Lagos inguruan egiten den ekoizpena da. Ingelesez mintzatzen da eta Igbo etniaren kultura eta ideologia zabaltzen du. Bigarren industria da zaharrena. 70. hamarkadan hasi zen eta Yorubaz filmatzen da. Hirugarren adarra iparraldeko hausa etniaren eskuetan dagoena da. Honek islamaren eragin handia du eta Bollywood kutsuko kantu eta koreografiak dira nagusi pelikuletan. Laugarrena Niger ibaiko deltan egiten den zinema da. Ekoizpen maila baxuagoa du eta Edo etniaren eskuetan dago.

Hollywood izan zen ametsen fabrikaren lehen sukurtsala eta egungo zine komertzialaren itsasargi. Indiako Bollywood da munduko zine industriarik oparo eta barrokoena. Nollywood...beno, Nollywood beste mundu bat da. Duela 15 bat urte, elektrogailuak saltzen zituzten merkatariek izan zuten ideia. Aparailu gehiago saltzeko, pelikulatxo laburrak filmatu eta bideo hauek gailuekin oparitzen hasi ziren. Prozesu guztia euren eskuetan zegoen: dirua jarri, gidoia idatzi, aktoreak lortu, filma zuzendu, editatu eta kopiak egin eta azkenean euren saltokietan banatu. Ideiak arrakasta itzela izan zuen eta ikusleek film berri gehiago eskatzen zituzten berehala.