hurrengoa
irungo lehoiak dub formatuan arkaitz villar   I  txo!? Gure artean oso ezagunak ez badira ere Dub erritmoak betidanik izan ditu alboan Fermin Muguruzak. Kortaturen garaietatik gaur egun arte bere musikaren ardatzetariko bat izan da eta bere ibilbidean eragin berezian bilakatu dira. Oraingo honetan ingurura begiratu eta alboan dituen talde eta musikariengana jo du eskuartean dugun “Irun, Lion, Zion In Dub (Vol I)” (Talka Diskak 2007) argitaratzeko. Jarraipena izango duen ekimen honi buruz gehiago jakin nahiean jo dugu beregana.
Dub musika aukeratu duzu estilo ezberdinetako taldeen bilgune bezala, nola sortu da bilduma hau egiteko ideia?
Irungo Depor tabernan kafe orduan Iñakik, Bad Sound Systemeko dj-ak Dub musika jartzen du. Mundua hobeto ulertzeko gunea bilakatzen da orduan. Iazko bira burutzen ari nintzela musikaren bidez elkartzeko ideia sortu zen Dub topalekuan.

Gure artean musika beltza ezaguna bada ere, Dub erritmoak dira agian gutxien ezagutzen direnak, kontuan hartu duzu hori?
Ez. Nire bilakaera musikala ezagutzen duenak badaki bide hori irekita dagoela Kortaturen “Desmond Dub” aurkeztu genuenetik 1985ean. Gero Negurekin ere zenbait Dub egin genituen. Dut taldearekin egindako “Lucrezia” soinu unibertso horretatik zetorren, baita “Brigadistak Sound System” diskoa ere Mad Proffesorek ixten zuen “Urrun Dub”-arekin.

Nola egin duzu diskoan parte hartzen duten taldeen aukeraketa?
Dub musika maite duten talde eta musikari lagunekin elkartu eta ideia luzatu nien. Denek kolaboratu dute noizbait nirekin eta hori izan da bildumaren ardatza. Bestaldetik, estilo batean edo bestean sailkatuta egoteak ez du esan nahi musika hori besterik ez duzula entzuten. Inoren Ero Ni edo Lisabö bezalako muturreko taldeak beste estilo musikal askoren artean Dub musikaren jarraitzale handiak dira.

Jamaikan diskoa grabatu ostean hemen ere Clive Huntek parte hartu du.
Clive Hunt maisu bat da, Lee Scratch Perryren antzera. Gertatzen dena da azken honek asmatu duela pertsonai zoro bat mendebaldean jeniotzat hartzen duguna. Jamaikan ordea Sly & Robbierekin batera, ekoizlerik errespetatuena dugu Clive eta doinu berriak sortzen jarraitzen duen arren hil ostean bakarrik etorriko zaio errekonozimendu guztia.

Zure azkenengo diskoetan Irunek izan duen garrantzia islatzen da. Ez soilik bilgune bezala, baita Bad Sound System edo Lisabö bezalako taldeek ere parte hartzen dutelako.
Irun bidegurutzea da eta bertako eszena oso irekia da.Tentsioan bizi da: geografikoki, politikoki, sozialki, kulturalki, etab. eta horrek asko eragiten du, sormen handia eta munduko beste herrietako proposamenak ezagutzeko grina bultzatuz.

Kantu berriak prestatzen dituzun bitartean moldaketak, soinu bandak, bildumak edo enkarguzko lanak egiten atseden hartzen duzula dirudi. Lan paraleloak gustoko dituzun isla.
Betidanik izan ditut fronte ezberdinak irekita. Antsietate handia sortzen didan arren, lan paraleloak eta zehar lerroak dira nire ibilbidearen ezaugarriak. Baina argi izan horrekin ez dudala hatseden hartzen, kontrakoa baizik.

Bilduma honen lehen alea argitaratuta, jarraipena izango du proiektu honek?
Irun, Lion, Zion in Dub (Vol I) jarri diogu bigarrena etorriko denaren seinale eta iragarpen moduan. Argitalpen batzuen bilduma izateko ideiarekin ekin diogu egitasmo honi.