hurrengoa
wii?-oui?-we? güy delamerde   I  güy delamerde Urte askoan, kontsolekin jolasteak, begiak izorratzea –batzuen esanetan epilepsia krisiak eragin ditzakete infernuko gailu hauek– eta norberaren aurka leihan tematzea ekarri du. Lagunekiko harremanak ez ezik, oinarrizko higiene maila ere alde batera uztea eta guraso eta bikotekideekin haserretzea ekarri zuen. Normala zen. Kontrolagailuak eskuetatik hegan ateratzen ziren sarritan. Hala ere, pertsonaiek bere tokian jarraitzen zuten, pantailan zentimetro bat bera ere mugitu gabe. Eta orduan Wii-a etorri eta dena aldatu zen. Shigeru Miyamoto, Mario eta Donkey Kong-en aita da. Bideojokoen jeinu honek, beste konpainia handiek ez bezala, misilak gidatzeko balio zezaketen super-txip grafikoak ahaztu eta jolasgarritasunean sakontzea erabaki zuen. Eta bide batez, Spielberg bezalako aurrejubilatuak jolasten jarriko zituela apustu egin zuen. Eta zer gertatu da urte beteren ostean? Iraultza!
Orain zure lagunak salto egin eta batera, “wiimote” edo “nunchuck”- ari esker (wii-aren kontrolagailuak) Mariok salto egingo du oskoldun kabroitxoak ekiditeko. Lehen, zure lagunaren alferrikako mugimendu horiez barre egiten zenuen. Orain, ordea, zure kontrolagailuarekin bidea etsaiez garbitu behar diozu ziztu bizian Leonardo Dantesen “el baile del pañuelo” irudikatuaz. Jolasteko modu “partekatua” deitzen diote orain. Batak besteari lagundu, bidean aurrera egiteko.

Amaitu dira zure albokoa ukabilkada eta magia erabiliz txikitu beharreko garaiak. Duela ez asko, kontsolekin eta ordenagailuekin zebilenak ez zituen orduak kalean pilota bati ostikoak ematen alferrik galtzen. Orain wii-arekin jolastea kirola egitea da. –Seguruagoa eta garbiagoa gainera–, egungo amatxu-pilateszaleek esango luketen bezala. Haurren gizentasunaren aurkako metodorik eraginkorrena bihurtzen ari da wii. Azken hilabeteotako iragarkiak ikusita, wii-arekin amaitu dira zure psikomotrizitate kaskarrarekin konpondu behar zinen bakarkako partida amaigabeak. Amaitu jokoa diseinatu zuten japoniar ileorlegi haiei botatzen zenizkien irain eta maldizioak. Orain, wii-aren iragarkietako saio familiarrei, tuperware bileren kiratsa darie. Mila esker, Shigueru jauna. Kontsola berri honekin, gure bikotekideak edo gurasoek, edo are okerragoa dena, bikotekidearen gurasoek, partida bat botatzera gonbidatuko dute euren burua. Zein da hurrengo pausoa? Aldizkari pornografikoetan sudokuak eta errezetak sartzea?