hurrengoa
autoekoizpena Arkaitz Villar   Gauzak asko aldatu dira denbora laburrean musika industrian. Ez bakarrik salmenta eta formatuetan, taldeen pentsatzeko moduan ere nabari dira aldaketak. Sormen eta irudimenari ateak ireki eta diskoak bere kabuz kaleratzeari ekin diote taldeek diskoetxeen deiari itxaron gabe, duela hamar urte ia pentsa ezina zena. Radioheaden “In Rainbows” disko berria, XL Recordings diskoetxeak cd formatuan argitaratuko duena, izan da agian eztabaida piztu duena: internet bidez jarri zituzten salgai diskoko kantuak erosleak nahi zuen preziora. Princek azkenaldian egindako ekimenek ere musikaren industriari pista batzuk eman dizkio eta diskoak banatzeko bide berriak erakutsi ditu. Gure artean azkenaldian argitaratu diren disko interesgarrienetakoak autoekoiztuak dira: Eureka Hot 3 kasu. Taldeek jada ez dute diskoetxeen deia itxaroten eta aurrea hartzen dute bere musika zabaltzeko.
Metak diskoetxea itxi ostean Bide Huts proiektua abiarazi zuten Lisabo, Inoren Ero Ni eta Anarik adibidez. Neubat gasteiztarrek MataSellos diskoetxea sortu zuten “Stereosaurus” disko berria argitaratzeko. Aipagarria ere, Gaztelupeko Hotsak eta Elkarrekin aritu ostean, Mikel Urdangarin "top seller"-ak bere azken lana, "Anek idatzi dit zutaz" izenekoa, bere kaxa kaleratu nahi izana. Autoekoizpenaren bideari ekinaz, diskoa, merkatu produktu soila ez dela frogatzen dute hainbat artistek. Borrokanen bigarren diskoa ere autoekoiztua izan da. Ibaik azaldu digu: “Ez da arrazoi berezirik bilatu behar. Gure kabuz egiteko gai garelako lan egin dugu horrela”. Lehen diskoarekin ikasitakoak bigarrenean balio izan die: “Lehen diskoa guk grabatu genuen eta diskoetxeekin hitz egin genuenean eskaintzen ziguten lana guk egin genezakeela konturatu ginen. Zailtasunak badira ere beti dago norbait inguruan laguntzeko prest”.
Willis Drummond lapurtarrak estreinako diskoarekin ohiartzun handia izaten ari dira. Rockaren eskutik lan sendoa argitaratu dute. Rafak adierazi digunez promozioa da gehien kostatzen zaiena: “Diskoetxeek bere loturak dituzte komunikabideekin. Kontaktuak dituzte eta disko bat argitaratu bezain laster promozio kanpaina martxan jartzen dute. Guri ordea gehiago kostatzen zaigu jende horrena iristea. Gainera promozio lanetarako alperragoak ere bagara”. Bere garaian Skunk-en aritua, Rafak aldaketak somatzen ditu musikaren munduan: “Lehen salmentak lortzea zen helburua, gaur egun musika ezagutaraztea da jomuga. Edozeinek grabatu dezake disko bat ordenagailu batekin eta mikrofono batzuei esker, honek muga asko apurtzen ditu”. Honen harira Ibaik hausnarketa egiten du:”Gaur egun posible da zure kabuz zerbait egin eta heldu nahi duzun jendartean zabaltzea, baliabide ugari dago horretarako”. Baina bada alderantzizko bidea egin duenik ere: Munlet mendarotarrek bere kabuz argitaratu dituzte orain arteko lan guztiak. “Clínica de ruidos” disko berria Transpop diskoetxeak argitaratu die eta bikotearen lanik osatuena da “Gure kasua berezia da. Kolaborazio bat da, diskoa banatzen laguntzen digute eta horretaz gain kontzertuak ere lotzen dizkigute. Baina askatasun osoa dugu gure aldetik ere gauzak egiteko. Elkarlan bat da eta babesa ematen digu norbait zu laguntzeko prest dagoela jakiteak”.