hurrengoa
txuma murugarrenen... myriam gartzia   egiak
“Ni kantugile xume bat naiz. Kantugile izatea arriskutsua da batzuetan, zure barneko mundua jartzen duzulako kolokan, denon aurrean. Kantu bat egitea zintzotasun ekintza bat izan daiteke. Baina kantu bat egitea gauza handia da ariketa horren ondorioz arinduago ateratzen zarelako. Arintzen zara egiak esaten nahiz eta mozorrotuta joaten diren. Ariketa horren bidez, guztiok behar dugun zerbait lortzen duzu ere, dela besteen onarpena edo onestea. Kantua egitea magia modu bat da. Hala ere, kantu bat egitea ez da beste bat baino hobeagoa izatea, nahiz eta kantu ona izan. Milioiak saltzen duen kantu bat egitea ere ez da aparteko gauza. Guztiok gara xumeak mundu honetan inurrien modura”.

... eta gezurrak
“Euskal musikagintzan ez dago endogamiarik. Musikariak adi daude kanpoan gertatzen denaz. Ez gaude gure zilborrari begira. Kostatzen zaigu beste hizkuntza batean entzuten den musika gure hizkuntzan entzutea, hemen egiten den lana gutxiesten dugulako, etxeko lana delako-edo, ez diogu ematen behar besteko garrantzia. Kanpokoa da beti ona.
Mundua mundua denetik beti izan da horrela, besteak egiten dutena gure erara egin, errebisatuz. Inork ez du ezer asmatu, dena asmatuta dagoelako. Horrela goaz aurrera. Durangon ikus daiteke. Han biltzen gara denok euskal kultura zein handia den ikustera, zenbat gauza egiten diren euskaraz eta abar. Lau egunez ikusteko eta etxera itzultzeko –zein ondo gauden Euskal Herrian– esateko. Baina handik aurrera ahazten gara euskal kultura dagoenik eta hurrengo urtera arte ez daukat beste zorrik euskal kulturarekin, eskupekoa emana dagoelako. Tranpa bat da, agian tranpa beharrezkoa, bestela hori ere ez genuke salduko eta”.