hurrengoa
tego, itzaletik argira lorea bidegain   I  txo!? Ezer baino lehen, azpimarratu beharra dago reggaetoia oraindik gutxietsia dagoen musika generoa dela eta hori ez dela bere kulpa. Errua gurea da. Izan ere, aurretik gauza bera gertatu baitzen musika elektronikoarekin (makailua), raparekin edota rocka berarekin, egun garaikidetzat eta ezinbestekotzat jotzen ditugunak. Eta aurreko estiloekin bezalaxe, denbora kontua izanen da reggaetoiak gurean ere bere zaletuak bereganatzea, bere lekua aurkitzea eta azkenik, lehenago generoa gutxiesten zuen musikaren stablisment-ak orain goraipatzea. Bidean da. El Abayarde ezizenarekin ezaguna den Tego Calderon 1972an Puerto Rico-ko Santurcen jaio zen. Bertako txinaurri batzuei esaten zaie abayarde, koska egiterakoan min handia ematen dutenak. Eta hala erraten omen diete ere ume bihurriei. Beltz afro honek, ama literaturako irakaslea zuen eta aita, osasun zerbitzuetan ogibidea zuen salsa musikaria. Beraiek kutsatu zioten Ismael Rivera eta jazzarekiko zaletasuna. Nerabezaroan bere familiarekin AEBra emigratu zuen eta Miamin hip-hopa ezagutzeko parada eduki zuen. Eragin guzti horiek Tego Calderonen musika berezia egiten dute. Bere reggaetoiak sustraiak botatzen ditu salsan eta Antilletako musika afrikarran, baina aldi beran Jamaikako dancehall eta Hip Hopetik edaten du. Bere gaztaro kaletarrak eta kartzelako egonaldiak, ordea, bere jarrera eta hitzak markatzen dituzte. Azken hauek ez dira sexu gaietara mugatzen reggaetoian ohi den bezala, baizik eta gai sozialak (“el abuso de poder trae sangre”) jorratzen dituztela, besteak beste beltz harrotasuna. Berea, hortaz, oso reggaetoi anitza eta pertsonala da, bai musika bai lirikaren aldetik. Erran beharra dago ere nekez aurkitzen ditugula munduan gazteleraz Tegoren adina jarioarekin errimatzen duten rap MC-ak. Bere kantu askotan gehiago ematen du reggaetoi kutsuko hip hopa entzuten dugula, hip hop eragina duen reggaetoia baino.
Tego Calderonen ibilbidea itzaletik argirakoa da. 2002an kartzelatik atera ondoren El Abayarde argitaratu zuen, bere lehen diskoa, zeinetik 50.000 ale saldu zituen inongo promozio berezirik gabe. Horrek bidea zabaldu eta erraztu zion eta ondorengo diskoak, bere diskoetxe propioarekin argitaratu arren jada multinazionalekin banatu ditu, hedapen handiagoarekin, baina muzin egin gabe berezkoak dituen musika estilo eta hitzei. Duela ez horrenbeste bere diskoak Europan aurkitzea ia ezinezkoa zen Interneteko denden laguntzarik gabe, baina orain ordea musika aldizkari eta egunkari gehienen “ahotan” dabil bere azken diskoaren argitarapena dela medio, “El Abayarde Contra-Ataca” izenekoa. Azken diskoan Tegok oro har Underdog albumaren formulak errepikatu ditu, horietan sakonduz. Hortaz ez ditu bere zaletuak gehiegi harrituko, ez onerako ez txarrerako. Bere musikari nortasun gehien ematen dion ezaugarrietarikoa Caribeko musika tradizionala zor dion begirunea da. Jarrera honek garrantzi berezia du kontutan izanik Ertamerikako leku askotan reggaetoiak talka egin duela salsa eta bertako beste estilo tradizionalekin. Gehienbat publiko gaztea bereganatu du, izan ere hauei reggaetoiak aire freskoa ekarri die, saltsa pixka bat zaharkituta gelditu zaielarik (gazteek ez ohi dute maite kantaldi berdinetan bat egitea euren guraso eta aiton-amonekin). “El Abayarde Contra-Ataca” ren lehen singlea “Tradicional a lo bravo” kantua da eta bertan Tegok merengea eta kolonbiar ballenato erritmoen laguntzarekin sustraiak aldarrikatzen ditu, gure izaeraren jatorria baitira.
Tegoren kolaborazioak sona handiko artistekin zerrenda luze bat osatzen dute, bere burua Puerto Ricotik at ezagutzera emateko lagungarriak izan direnak: Fat Joe, 50 Cent, Cypress Hill, Wyclef Jean, N.O.R.E., Don Omar, Daddy Yankee, La Mala Rodriguez, Oscar D’Leon... eta aldi berean, bere diskoetan asko izaten dira kolaboratzaileak, baina bere kasuan normalki gehienak latinoak izaten dira eta Calle 13 izan ezik, Europan ezezagunak. “El Abayarde Contra-Ataca” diskoaren argitarapenak bat egin du aktore gisa lehen aldiz parte hartzen dueneko "Illegal Tender" filmaren estreinaldiarekin. Filma John Singleton-ek (Boyz N the Hood) ekoiztu du Holliwooden eta Frank Reyes-ek zuzendu. Holliwoodeko eta musikaren industriako argiek ez dezatela abayarde afro hau itsutu, ezta bere bihotza zuritu ere.