hurrengoa
egungo urre bilatzaileak    Argumentua sinplea da. Bideojoko jokalari batzuk etxe batean bildu eta orduak, egunak, asteak pantaila aurrean jolastarazi. Helburua: Bideojokoaren mekanikak eskaintzen dituen bizitza, abantaila, opari, sekretu, arma eta bestelako sari guztiak eskuratzea. Zertarako? Herrialde aberatsetako jokalariei saltzeko Argumentuaren gauzarik harrigarriena hala ere, pelikula hau, zientzia fikziozko generoan sailkatu ordez, dokumentalen sailean topatzen dugula. Mende berriaren itzalean hazten ari den industria bati buruzko dokumentala litzateke...

Bideojokoetako urre bilatzaile hauek Filipinak, Indonesia, Hego Korea, Mexiko eta gehien bat Txinan antolatu diren etxoletan egiten dute lan. Jokalariek, asteak eta kasu batzuetan hilabeteak ematen dituzte pantaila aurrean iltzaturik World of Warcraft bezalako jokoetako protagonista bihurtuta. Jokoaren mekanika barneratzea da lehendabiziko pausoa. Bigarrena, mekanika horren etengabeko errepikapenari esker jokoak eskaintzen dituen sariak eskuratzen joatea. Estimazioen arabera 100.000 pertsonatik gora egiten du lan ¨urre etxola¨ hauetan, Txinako online jokalarien 0.4-a hain zuzen ere. 12-18 orduko lanaldiak egiten dituzte eta etxola batetik bestera aldatu egiten bada ere, lansaria, beti izaten da 150 dolar baino gehiago, Txinako batazbesteko soldata baino nabarmenki altuagoa.

Jokalari hauek eskuratzen duten "urre" birtuala internet bidez saldu egiten da. Mendebaldeko herrialdeetako jokalariek sarean erosten dute. Hasiera batetan E-bay bezalako enkante etxeek ez zioten inongo arazorik jartzen salerosketa honi. Azken urtean ordea, eta presio ezberdinak direla eta (bideojoko industria, gobernu ezberdinen zerga departamentuak,...) mota honetako transakzioak debekatu dituzte enkante etxe handiek. Baina honez gero badakigu sarea guztiz estaltzea ezinezkoa dela eta bideojoko zaleek ez dute zailtasunik izaten ekialde urrunetik datorren "urre" berria eskuratzeko.