• 1
  • 2
hurrengoa
john sayles: zinemagintza duina    Ama guztiei gustatzen zaien gizona. Baso mutil itxura, bizkar zabala, enborrak diruditen besoak eta masail eta hortz ilara perfektua. Eta itxuraz gain, izaeraz ere tipo jatorra da. Donostiako Zinemaldira askotan etorri da. Zinemaldiak, 1994. urtean bere lanari atzera begirakoa eskaini zion, goizegi akaso, orduz geroztik film sorta ederra egin du eta. John Sayles 1950. urtean jaio zen Schenectady hirian, New York estatuan. Ipuinak eta narrazioak idazten hasi zen. 1975. urtean National Critics Circle Award eta National Book Award sariak jaso zituen Union Dudes nobelarekin. Martin Scorsese eta James Cameron-en moduan, Roger Corman-en eskutik hasi zen zinean. Beldur eta akziozko film ugariren gidoia idatzi (PiraƱas,...) eta lan honekin irabazitako diruarekin bere lehendabiziko filma egin zuen, Return of the Secaucus Seven (1980). Hiru urte beranduago Lianna zuzendu zuen, beste emakume batekin maitemintzen den ezkondutako emakume baten istorio ederra. Sayles, egun, bere filmak ordaintzeko, Hollywood-eko hainbat ekoizpenetan "script doctor" (gidoi begirale) gisa egiten du lan. Besteak beste Apollo XIII, Mimic edo Jurasic Park-en gidoiak borobiltzeko kontratatu izan dute.
Sayles-en filmetan pertsonai indibidualen gainetik, komunitateak eta komunitateen arteko talkek izaten dute protagonismoa. Abiapuntu honek, bere istorioak, jaioterriko eta munduko geografia fisiko eta humanoetan kokatzera eraman du Sayles. Adibide ezagunenak hauek lirateke: Louisiana Passion Fish (1992), Irlanda The Secret of Roan Inish (1994), Texas Lone Star (1996), Ertamerika Hombres Armados (1997), Alaska Limbo (1999). Donostiako Zinemaldian aurkeztu duen bere azken filman ere, Honeydripper ( 2007) Alabamako komunitatea da protagonista. Sayles-en zinema konprometitua eta etikoa da, baina ez ditu bere pertsonaiak moralki epaitzen. Ez du zinegile askok egiten duen moduan, jainko orojakile eta doktrina emale gisa jokatzen.
John Sayles hara eta hona dabil Zinemaldian. Zuzendari eta ekoizle independentea izateak glamourra lanarengatik aldatu behar izatea ekartzen du. Bera eta bere filmen ekoizle eta azken 30 urtetan bikote izan den Maggie Renzi, banaketa tratuak sinatzen dabiltza egunotan (ea zortea duten eta euren film askorekin gertatu ez den moduan Honeydrippers bertoko aretoetan ikusteko aukera dugun). Bikotea baikor dirudi, baina ezin izan digute guztiz baieztatu hemen euren filma ikusteko aukera izango dugunik, horregatik, aukera ikusita, hizketan jarraitu dugu.

Honeydrippers-ek zer kontatzen digu?
1950. hamarkadan, Alabamako kotoi esplotazio batetan gertatzen da. Koreako gerra baino lehen. Errepide alboan dagoen musika taberna edo musika areto baten izena da Honeydripper. Bertoko piano jole zaharrak musikari gazte bat kontratatzen du lokalaren errenta ordaindu ahal izateko. Musikari gazte hau, berak egindako gitarra bitxi batekin azaltzen da. Berak eginiko gitarra elektriko batekin... gehiegi kontatu dudala iruditzen zait...

Egun errazagoa al da zine independentea egitea?
Nik kontrakoa esango nuke. Errazagoa da bideo kamara hartu eta film bat grabatzea, bai, baina zinea lanbide gisa ulertzen dugunontzat, talde lana eskatzen duen ekoizpen batentzat, milioi dolar bat baino gehiago kostatuko den film bat egiteko latzagoa da orain dirua biltzea lehen baino.

Nola definituko zenuke zuk zinema independentea?
Betiko definizioa da. Zuzendaria da istorioa kontatzen duena, aktoreak aukeratzen dituena eta azken muntaiaren ardura osoa duena.

Zer botatzen duzu zuk faltan egungo zinemagintzan?
Kazetaritza hobea. Zinegile independente heldu gehiago. Emakume gehiago filmak egiten. Banatzaile irudimentsuak...


Dirutza kobratuaz eta batzuen ustetan "hain beharrezkoak" diren izar glamouroso horien alboan, zinemagile independenteek, begirada propio eta aberasgarriadutenek, lanean dihardute Zinemaldian.