hurrengoa
esta si! esta no! XIMO BAYO-rekin solasean eñaut gantxegi   I  eñaut gantxegi Granadako Armilla herrian elkartu ginen eta berehala uxatu ziren genituen aurreiritzi eta beldurrak. Jatorra eta arrunt katxondoa da Ximo; nahiko luke hainbat artixta famatuk bere naturaltasuna izan. Noiz hasi zen Ximo Bayo disko jartzaile lanean?
Honetan errebotez nagoela esan behar dut. Ni berez motokros lehiaketetako pilotua nintzen, eta 21 urte arte ez nintzen diskotekara joaten hasi. Baina istripu bat izan nuen, eta hanka eskaiolatua nuela, diskoteka batera joan nintzen musika jartzera, bertako disc-jokey residenteak DJ lehiaketa batean parte hartu behar baitzuen. Ordubete egon behar nintzen, baina azkenean gau guztia eman nuen. Disko jartzailea bueltatu zen, baina diru gehiago eskatzen zuenez, bota egin zuten, eta bere ordez ni geratu nintzen. Esan daiteke “biktima” bat izan nintzela. Kar kar kar.

Hau guztia non eta noiz izan zen?
80. hamarkada hasieran eta Valentzian. Girientzako diskoteka batean pintxatzen nuen, eta batez ere funky musika pintxatzen nuen. Funky-ak erakutsi zidan nola pintxatu, nola nahastu bi disko, eta orokorrean DJek behar duten eskolaren parte izan zen garai hura. Baina pixkanaka zeozer gehiago behar nuela konturatu nintzen; ez nuen besteak baino hobeago izan nahi, desberdina baizik, nire estilo propioa sortu nahi nuen.

Eta bilaketa horretan, “Wakalao” deritzon mobida guztiak harrapatu zintuen.
Bada bai. Garai hartan (80. hamarkadaren amaiera aldera), Valentzian, hainbat disko jartzaile, estatu espainiar osoan apenas jartzen ez zen musika elektroniko alternatiboa pintxatzen hasi ziren. Esan daiteke ia urtebeteko aurrerapenarekin zihoala Valentziako mobida, jende oso espezializatua baitzegoen horretan. Hala ere, hau ez zen modu kontziente batean eman, valentziarrak nahikoa ezgaiak baikara gure artean antolatzeko. Kar-kar...

Askorentzako ordea, hori guztia drogaren inguruko mobida batean gelditu zen.
Zoritxarrez bai, hipokrisiak gauzak modu sinpleegian ikustarazten baititu. Sekulako satanizazio prozesua jasan genuen. Kontsumoak kontsumo, eta desfaseak desfase, argi dago milaka pertsonen dibertimendua izan zela. Gaur egun jendea agresiboagoa dela uste dut, albokoarekiko inongo enpatia izpiriturik erakutsi gabe.

Amaitzeko zerbait gehitu nahi?
Batez ere nire inguruan ibili diren eta dabiltzan lagunei eskerrak eman nahi nizkieke: Misaeli (nire senar birtuala), Caixa Negra-koei, eta nola ez, zuei, oraindik nire lanari zentzu gehiago emateagatik. JU-JA!