hurrengoa
tulsa    Tulsa, Oklahoma, ia milioi bat biztanle, AEBtako lur barneko porturik handiena...Zergatik Tulsa?
Portuko jendea garelako eta Santurtzi jartzea apur bat arraroa egiten zitzaigun. Eta bide batez Pamela Polland-en "Tulsa county" kantuari omenaldia egiten genion.

Ingurugiro naturalagoan sentitzen zara Tulsa-n aurreko taldean, Elektrobikinis-en baino edo garapen natural baten ondorioa da?
Garapen naturala. Electrobikinis oso ongi egon zen baina apur bat aldatzen joan nintzenean, ingurugiroa ere aldatu beharrean sentitu nintzen.

Hitzak eta hauek kantatzeko modua, sentikorra da baina era berean ilun puntua ere badute...Hitzak idaztea asko kostatzen al zaizu? Aldarte berezi baten beharra izaten duzu?
Batzuk nire buruan bueltaka dabiltza hilabeteetan eta beste batzuk berehala ateratzen dira. Prozesua ez dut kontrolatzen, nahiko autonomoa da eta horrek, hein batean ezinegona sortzen dit.

Zuzenekoak diskoaren isla izaten dira edo aldaketak izaten dira kontzertuetan?
Oraingoz diskoaren antza handia du zuzenekoak, suposatzen dut aspertzen hasten garenean buelta bat edo beste emango diogula zuzenekoari.

Zuzenekoaz ari garela, zer moduz moldatzen zarete, taldekide batzuk beste talde arrakastatsuetan (zodiacs) jotzen dutela kontutan hartuta?
Hasera batetan pentsatzen genuenaren kontra ezinezkoa izan da. Horregatik taldean aldaketak izan dira. Baxujole (Alberto) eta bateria berriak (Gabi) ditugu. Oso ongi moldatu dira.

Ardura berezirik sentitzen duzue hainbat komunikabideetan irakurri ahal izan dugun moduan "egungo musika panoramako bandarik berezienetakoa" izanik?
Guk ez dugu inongo promesarik egin beraz ezingo dute esan gure hitzari muzin egin diogunik... ez?

Udarako plan berezirik?
Diskoa ekainaren 2an eta 15ean aurkeztuko dugu. Madrilen eta Bilbon eta gero Avilako Ecopopen joko dugu. Hortik aurrera ikusiko dugu.