• 1
  • 2
hurrengoa
lucio: lapurra, bahitzailea, iraultzailea, baina gauza guztien gainetik... igeltseroa uxueta labrit   Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi gustora daude azken hiru urteotan murgilduta egon diren pelikularen emaitzarekin. Film bat amaitzear dagoen bakoitzean tentsio eta zalantza uneak bizi izaten dira. Kasu honetan ez da hasiberriaren sindromea. Moriarti ekoiztetxean dabiltzan bi zinegile hauek eskarmentua badute ikus-entzunezkoetan.
Filma, esan bezala, duela hiru urte hasi zen mamitzen, Italian ospatutako dokumental jaialdi batean. Bertan eurek zuzenduriko ¨Sahara Marathon¨ dokumentala aurkezten ari zirela Brigada Gorrietako kide ohi batek, euskaldunak izanik Lucio Urtubiaren inguruan film bat egin behar zutela aipatu zien. "Ez genekien Lucio Urtubia nor zen. Bernar Thomas-ek idatzi zuen "Lucio L’irréductible" liburua eskuratu eta orduan jabetu ginen film hori egin behar genuela". Hurrengo pausoa Luciorekin kontaktuan jarri eta honek baietz, egingo zuela aipatu zienean, martxan jarri zuten proiektua.
Lucio 1931. urtean jaio zen Nafarroako Kaskante herrian. Familia "gorrikoa" izanik gerraoste latza pasa zuten. Soldadutza egiten ari zela liskar baten ondorioz Frantziara alde egin zuen. Bertan mugimendu anarkista ezagutu eta ekintzak zuzenera pasa zen. Atrakuak, bahiketak, faltsifikazioak,... luzea litzateke Lucioren ibilbidea lau hitzetan azaltzea. First National City Bank bankuari eginikoa ordea ezin aipamenik gabe utzi. Lucio-k AEBtako banku nagusienetako honi 30 milioi dolar ohostea lortu zuen bidai txekeak faltsifikatuaz (historiako lapurreta politiko txundigarriena gisa definitua izan da eta bankuak ez du inoiz argibide gehiegirik eman nahi izan afera honen inguruan) . Lapurreta honetan ateratakoarekin finantzatu zen urteetan sistematik at zegoen mugimendu ezkertiar ugari. "Nik oso argi dut, lapurrak bankuak dira, guk oreka apur bat mantentzeko egin genuen guzti hura".
Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregik, pertsonaia ezagutzeaz gain pertsona ezagutzeko aukera izan dute azken 3 urteotan. "Lucio anarkista da anarkisten artean. Pertsona berezia da. Anarkista da, libertarioa, baina gauza guztien gainetik Lucio da. Bere buruari eta bere sinismenei soilik jarraitzen dion gizona. Eta bere ideologia horren ardatz nagusienetakoa lana da". Eta hori baieztatu dute Luciorekin zerikusia izan dute pertsona ezberdinek. Lucio atxilotu zuten bakoitzean bere igeltsero lanetan harrapatu zuten. Hamarkada ezberdinetan Parisen ezkutatu den hainbat iheslarik Lucioren enpresan topatu izan du zereginik. Guztiek aipatzen dute anarkista honen erlijioa lana izan dela beti.
2001. urteko azaroaren 8an, Leonen, Buenaventura Durruti kalearen inagurazioan esan zuen bezala "Oso txiro jaiotzearen zortea izan nuen. Lana da ateak ireki dizkidana eta bizitzeko harrotasuna eman didana. Langabeziak iraultzaileak sortuko balitu, paroa aspaldian bukatua zatekeen".