audio arkaitz villar
hurrengoa

bike

Bilbao Kolektibo Elektroniko·2007

Bike ez da soilik bizikleta bat. Bilbon sortu duten musika eta ikusentzunezko kolektiboaren deitura ere bada. Bilborocken egindako aurkezpen festan eskuratu zitekeen hona ekarri dugun diskoa. Kolektiboko hainbat kidek osatzen dute eta haien berri emateko balio du. Bakoitzak bere estiloa eta lan egiteko moduak erakutsiz, Bilbo eta inguruetan sortzen diren proposamen berrienak erakusten dizkigu. Dantza egitera gonbidatzen gaituztenez, pausu ugari emango ditugu haien erritmora.

hurrengoa

kasabian

Empire·Columbia 2007

Polemika handiarekin datorren diskoa: Christopher Karloff partaideak taldea utzi zuen estudioan sartu eta abestiak grabatzen hasi zirenean. Primal Scream edo The Faint bezalakoen pisua gainetik kendu ezinda entzuten da Kasabian-en bigarren disko hau. “Empire” abesti handiaz gain bada momentu onik “By my side” bezalakoetan. Jim Abiss (Artic Monkeys) arduratu da diskoa ekoizteaz eta popak, rockak, sikodeliak eta elektronikak elkarrekin nabigatzen dute bertan.

hurrengoa

clap your hands say yeah

Some Loud Thunder·Autoekoizpena 2007

Alec Ounsworthen ahotsak markatzen ditu abestiok. Bigarren diskoan, aurrenekoan bezala, ezinezko egiturak eta doinu aldaketak erakusten jarraitzen dute. Nahiz eta distortsioak pisua hartu duen eta aurrekoa bezain entzungarria ez izan. 60. hamarkadako eragina ikusten uzten duten doinu-collagez beteta datoz kantuok. “Satan said dance” elektronikoa da disko honen momenturik onenetarikoa.

hurrengoa

arcade fire

Neon Bible·Merge 2007

“Funeral” diskoarekin entzulegoaren errespetua, mundu zabaleko arrakasta eta jarraitzaile fidelak lortu zituen taldeak. Disko hartan ereserkia ugari zeuden eta jendearengana heltzea lortu zuten. Ez da erraza izaten hori guztia hurrengo diskoarekin ere errepikatzea, eta hori da hauei gerta dakiekena. Horrek ordea ez du zertan txarra izan. Taldearen garapena nabarmena da, eta zalantzarik gabe, aurtengo diskorik gogoangarrienetakoa izango da honakoa.

hurrengoa

lisabö

Ezlekuak·Bidehuts 2007

Lisabö urakan bat da oholtza gainean. Urteak ziren taula gainean ikusten ez genituela. Lan berria argitaratuko zutela jakin ostean zuzenekoen kezka etorri zitzaigun: kontzerturik eskainiko ote dute? Bada bai. Ezlekuak trasmititzen duen intentsitatea, zuzenean sentitu ahal izan genuen, diskoa atera baino lehenago. Eta orain etxean entzuteko aukera dugu. Bidehuts izeneko ekimena sortu dute diskoa argitaratzeko eta denbora-pasa bada ere, denbora alde dutela erakutsi digute.

hurrengoa

grinderman

Grinderman·Mute 2007

Nick Cave doinu gordinetara itzuli zaigu. Bad Seedsen formatu mugatu batekin, azkenaldian alboan izan dituen musikariekin babestuta, kantu indartsu eta intentsuak eskaintzen dizkigu. Rock banda bat da honakoa, diskoa astebete eskasean grabatu duena, eta denbora horretan erre dituzten energia guztiak abesti hauen bitartez helarazten dituzte, mugarik gabe gainera instrumentuen alde gordin eta apurtzaileena ezkutatu gabe, punkera gerturatuz.