hurrengoa
zilarrezko eraztunaren asuntoa    Rod eta Tod, Ned Flandersen semeak hazi egin dira. Nerabe orori bezala, granoak eta hankatarteko azkurak hasi zaizkie...eta jakina, Ned aztoraturik ibili da azkenaldian. Zilarrezko eraztunaren asuntoarena jakin zuen arte. Gezurra badirudi ere, ez da Simpson telesaileko atal batetatik ateratako trama. Ez, ¨Eraztunaren komunitate¨ hau organizazio sasi erlijioso baten moduan funtzionatzen du. Apaiz edo artzainak ditu eta ekitaldiak antolatzen ditu. Zilarrezko eraztunaren asunto honen helburuak bi hitzetan: Gazteek euren ¨birjinitatea¨ ezkondu eta bizitza osorako aukeratu duten bikotekidearentzat gordetzea da helburua. Abstinentzia sexualaren aldeko promesa. Eta konpromiso horren lekuko, gurasoek gaztetxoari oparitzen dioten zilarrezko eraztuna.
Golum koadrila honentzat "altxor" hori gordetzea bihurtzen da bizitzaren ardatza. Eta jakina, altxor hori ematen denean, beti zure alboan izango den horri eman behar zaio ( altxorra gertu izateko edo...). Ez ezazue ordea irribarre nabarmenegirik egin, zuk, lehendabiziko hartan ¨zerbait galdu¨ zenuela esaten duzulako, beraz, beste maila batean bada ere, Golum bat zaitugu ¨altxor¨ kontutan... Hala ere, eta galdutako hura berreskuratzekotan bazabiltza, "The Silver Ring Thing"-ekoek bigarren aukera eskaintzen dizute ¨bekatari¨ gisa azaldu eta birginitate berri baten bila gerturatzen bazara.
Guzti honek ergelkeria dirudi, baina The Silver Ring Thing, AEBtako kristau fundamentalistek azken urteetan bizi duten krisia estaltzera dator. Rock kristauaren zirkuitua aldapan behera doa bertan parte hartzen duten taldeen ibilbideak mandamendu ugari hausten duelako behin eta berriro; U2-koei pasa zaie gurutzearekiko sukarra eta orain erlijio guztien elkartasunaren alde kantatzen dute. Eta duela gutxira arte euren ikono nagusienetakoa zen Britney Spears autoetako atzeko eserlekuetatik kulerorik gabe ateratzen hasi da. Eta guzti honen ondorioa? Milaka gaztetxok luzitzen dutela harro euren zilarrezko eraztuna.
Gu ez gara anti yankee panfletarioak. Estatubatuarrek ankerkeria eta okerkeria asko egiten dituzte. Egia da. Baina ezin da ukatu umore kontutan ez dutela parekorik. Ladies and gentleman...The Silver Ring Thing!