hurrengoa
karlos osinaga, inoiz joan ez zirenen itzulera myriam gartzia   sokak bi mutur ditu
“Hastapenetako Demo-tik bilakaera natural bat gertatu da Lisabön. Gainera, azken disko hau, Ezlekuak, hastapenean bezala, gure kabuz grabatu nahi izan dugu. Demo-a zortzi hilabetez atzeratu zen eta nik uste proiektua dezente aldatu zela tarte horretan, beste zer edo zer izan zitekeen. Gauzak egiteko gure era bilatzen ari ginen orduan, baina Lisabön gauza gehienak nahi gabe gertatu izan dira, bigarren bateria sartzearena bezala. Nahiko naturala izan da progresioa. Maketa grabatu, kontzertu batzuk eman eta konturatu gabe hazten eta hazten ari den zerbait ari zara egiten”.

abangoardiak eta muturrak
“Gu Dut zale amorratuak ginen eta posible da puntu batean enkontrua suertatzea. Baina ez dut uste zerbaiten parte ginela. Urte horietan gustuko genuen musika egiten genuen, eta horrek satisfazio handia ematen du. Opari bat da. Ez dut uste ezer berritzailea egiten genuenik, baina bai, egia da kolore desberdinak egotea beharrezkoa dela. Euskal Herrian, beste lekuetan bezala, oso ildo markatua dago musika munduan eta badirudi hortik ateratzenbazara berritzailea edo arraroa zarela. Eta gure ustez, oso gauza normala egiten dugu”.

urdin iluna
“Gure ustez, garrantzitsua izan da disko berri honetan intentsitate mailari eustea. Esan nahi dut, egiten duzun horretan sinistea, sentitzea, puntu goren hori mantentzea. Inportanteena hori da,hortik aldatu daiteke forma ala eredua, egin dezakezu musika mantsoagoa-edo, baina sentimendua ezin duzu utzi, eta hori da galdu nahi ez duguna. Bakoitzak musikaz duen asmoa edo ikusmena da hori, forma estetikoak ez du horrenbesteko garrantzirik. Garrantzitsuena zuk hori sentitzea da”.

lurmuturra
“2002tik ez genuen zuzenean jotzen. Makinaria hura mugitzea oso zaila izan zaigu, gauza pila gertatu dira eta beti zen errazagoa diskoa grabatzea zuzenekoak ematea baino. Badauzkagu hainbat abesti zuzenean inoiz jo ez ditugunak eta orain, badaukagu aukera berri bat”.

lurrina lehioan
“Martxel (Mariskal) aspaldiko kolaboratzailea da. Plaza jardunaldietarako abesti bat eskatu ziguten. Egun jakin batean edonori gerta zitzaiokeen zerbait kontatzen zuen. Abesti horren izena “Egun bat nonahi” zen, gero EPa bilakatu zen (Acuarela). Diamante bat hain gertu izatea eta ez aprobetxatzea ez da bidezkoa. Oso urte latzak iragan ditu, eta aurreko pil-pilean nabarmentzen zen bezala, balio erantsi bat dute bere letrek. Oso une sakonetara eramaten gaitu. Horrelako hitzekin lan egitea luxua da”.

nork bere orratzak
“Autoekoizpenak egun ematen dituen abantailak asko dira. Egia da, nire kasuan, hainbat baliabide ditudala inguruan eta horrek, hainbat aukera ematen dizkit. Baina egun, edozein taldek graba dezake bere diskoa lau txakur txikiren truke. Teknologiak demokratizatu egin ditu baliabide hauek eta egun, ez duzu zertan azken emaitzarekin pozik ez gelditu diskoa bi astetan grabatu delako. Askotan esaten da, disko askok ez dutela zuzenekoa islatzen. Hori da diskoa hamar egunetan grabatu delako. Egun zure lokalean graba dezakezu zure diskoa. Gerta daiteke hain ondo grabatua ez egotea agian, baina hobeto transmititzen du zuk esan nahi duzuna. Ez dituzu 2.000 kopia zertan saldu izandako gastuei buelta emateko, eta zure kabuz banatu dezakezu Internet bidez. Eremu berri bat da. Inbertsio minimo batengatik zure diskoa izan dezakezu. Seriotasun minimo bat behar duzu soilik hori guztia aurrera ateratzeko”.

nork bere soka
“Bada musikaren industrian krisi sakon bat, baina gogoratu behar dugu, musikariok ez dugula industria osatzen. Antzina, taldeak mugitzen eta grabatzen zuen bere maketa. Mugimendu hori galdu egin da eta berreskuratu beharra dago. Egun, taldeek diskoetxeetara jotzen dute nahiko galduta daudelako, eta egia esan, prozesu hori kontrolatzea ez da hain korapilatsua, nahiko gertu dago. Informazio kopurua handitu da eta honen ondorioz, informazio horren balioa ere jaitsi da. Gaur egun oso eskura dituzu bai musika eta bai beste produktu mota batzuk, Internet bidez-edo, eta ez daukate baliorik. Beste balore batzuk daude orain. Euskal Herrian bertan, lehen ez zegoen hainbesteko aniztasuna, hainbesteko konpetentzia. Aukeraketa zailagoa da. Agian lehen ez zegoen irizpiderik baina orain beharrezkoa da”.