hurrengoa
mapalimpsestoa harkaitz cano   I  pedro de la cruz Argazki hauek, 1978. urtean Donostiatik Indiara Land-Roverrean eginiko 8 hilabetetako bidai batetan ateratak daude. bidean

Ez dago bideari burua mozteko modurik. Bururik gabeko sugea da bidea.

Esnatu da sugea, habia harri zakarrez egindakoan. Ez ditu ikusten automobilaren argiak... Ez da ohartzen hiltzera doanik ere.

Kanpin-dendak autoen sabaietan. Sugeak lotan direnen deskantsua gogaitzera irits ez daitezen? Oinbiko sugeek Land-roverrak lapur ez ditzaten?
Bidaiariak lokartzean, basamortuko mamuek hartzen dute bolantea. Eta bidaiari lokartuak, gauean gidari doazen mamuen ametsetan agertzen dira.

Txalupek sostengatutako oholek eusten diote zubiari. Ontzien azpietan muskuiluak daude itsatsita eta muskuilu saldoak hazi ahala urpeko arrokekin elkartzen dira barku, ohol eta zubi; denak bat. Ahaztu egiten dugu sarri, baina ura dago tinkotzat jotzen ditugun gure bideen azpian ere. Edozein unetan hondora gaitezke.

ateak

Ate bat eta herriska zuri bat bestaldean: elurra zer den esplikatzeko, karea.

Ate bat. Eta bestaldean, ezer ez. Edo bestela esanda: dena. Horretaz jabetu balitz, lagun koadrila hori ez legoke hain lasai.

70. hamarkada da, nork esango luke? Ate berde hori txukun dago pintatuta. Ziur gaur egun zirtzilaturik dagoela honez gero eta inork ez duela lixatu eta gainetik pintura esku bat emateko nekerik hartu aspaldian. Emakume hori oinez, buruan olagarro zuri bat duela. Erlazain, fumigatzaile, B serieko Unidentified Flying Object.

buruak eta estatuak

Maisu japoniar batek pintzela tinta beltzean busti du blai: gizon zaharraren erretratua egitera doa. Arroz-paperaren gainean bizarraren kurba dibujatu du lehenbizi, sudurrean puntu bat eta kiribildura bikoitza marraztu gero, betaurrekoena. Alfabeto atzemanezin bateko hizki bat da bere erretratua.

Burua tente. Elurretan leporaino hondoratuta. Begiak irekita. Buruz buru. Eta hala ere, ez dugu buru horren lepotik beherakoaren jakinminik, aski zaigu burua: buru boteretsua da. Gauza bera gertatzen da arranoarekin: halako indarra du bere mokoak, hegoak faltan dituenik ere ez baikara ohartzen. Ez dugu zalantzarik arrano hori hegalda daitekeela, berak hala nahi izatera. Batzuetan –gutxitan– nahikoa da burua.

“Hildakoak zutik lurperatzen dituzte hemen?”
“Estatua bat da eta!”
“Soldaduek zaintzen dituzte hemen estatuak?”
“Hildako bat da eta!”

jendea

Pertsian ateratakoa da argazki hau, nork esango luke? Pertsiarik ez da jada. Mapetatik harramazka atera dute Pertsia, hormetako paper estanpatu zimurtua bailitzan, harekin soinekoak egiteko. Soinekoetan bizi da orain Pertsia. Aurpegi eta jantzietan. Lau haizetara dabilen jantzi zuria da Pertsia. Buru tente bat da Pertsia. Pertsia da: maparik gabeko harrotasuna.

Gabardinaren boterea. Sei botoi, ondo lotuak. Postura ikasia. Ez da bere ejertzitokoa gabardina hori, baina ejertzitoren batekoa da, dudarik ez. Gerra bukatzean dominak, arropak, argazkiak eta harri puskak saltzen dituzte herri txikietako sarreretan, kalean. Hildako soldaduaren papurrak, purra-purra banatuak, lau sosen truke souvenir. Laranja eta zuria du bizarra, bi kolorekoa: “Hau dut ene bandera”, esan nahi digula dirudi. Edo baita ere: “Ni bizirik nagok eta gabardinaren lehengo jabea ez”.

Umearen oroitzapena: bere aita, labana odoldua hondarretan sartuz garbitzen. Hobe gosaldu eta lehenbailehen ardiak zaintzera joan.

Jakin nahi haien goitizenak? Oliba Erkin, Laxai Ausart, Ipuin Kontalari, Ez-Niri-Gero-Hola-Begiratu eta Monsieur Pragmatiko. Izaera eta arrazen graduazioa. Nork bere jatorria, nork bere arma eta nork bere harrotasuna. Pokerrean ari bagina: koloretako eskailera.

Saiheska daude. Ez dira posatzen ari, ez horixe. Eskua fusilaren uhaletik askatu gabe begiratzen diote argazkilariari, zeharka, bideari berriz ekiteko gogotsu. Hormaren kontra dagoen bizikletak kontzientzia propioa dauka eta burutazio sarkastiko bat: “Hormaren kontra egon arren, ni ez naitek berehala fusilatuko!”

Hautsa: iskanbila eta sesioa ardi bat falta delako. Errua ez da otsoarena.

Erdikoak pentsatzen duena: “Gainerakoak lasai arraio eserita zeudek, baina ni ez nauk fidatzen. Horregatik geratu nauk zutik... Beha nire itzalari: abade makurtu baten antza dik, Mendebaldeko Heriotzarena, sekretu bat diat nik eta beste sekretu bat dik nire itzalak. Ez zaukagu elkarren sekretuen berri.”

Lotsaren fuga puntua: lehen lerroan eta erretratatuak izateko beldurrik gabe daude mutikoak, guri begiratu nahi digute kameraren objektiboan zehar. Atzeraxeago neskatila lotsatiak, inguratzera ausartu gabe. Eta atzerago, urrunago are, lotsa lanarekin nahasten da. Lana apalki uzta bildu beharraren sinonimoa da.