hurrengoa
william s. fischer, akerraren ipurdia musukatu zuen beltza uxeta labrit   1972. urtea da. Inork ez daki noiz, norekin edo zergatik etorri zen William S. Fischer. Inork ez du oroitzen Atlantic records-en Wilson Pickett, Roberta Flack, Eugene McDaniels, Les McCann eta Herbie Mann bezalako musikarientzat lan egin zuen William S. Fischer izeneko musikari beltza. 1972. urtean bertan Akelarre Sorta izeneko disko hura kaleratu izan ez balu, William S. Fischer Euskal Herrian galduta ibili zen mamu bat besterik ez dela pentsatuko genuke.

Sorginak eta akelarrearen irudiari lotuta diskoa egin zuen Willian S. Fischer beltzak. Bildumazale zirkuituetatik at guztiz ezezaguna da disko hau. Guri, Makala handiak eman digu William S. Fischer beltzaren berri. DJ zarautztarrak du bere bilduma partikularrean Akelarre Sortaren ale original bat. Diskoa definitzerako orduan, infernua baino funkyagoak diren kitarrak, soul hiltzaile psikodelikoa, groovy flauta doinuak, efektu elektroniko estralurtarrak eta euskal doinu tradizionalen arteko nahasketa bat dela esan genezake... eta ez, lerro hauek idazterakoan behintzat, ez dugu bestelako lerrorik kontsumitu.

Jakin badakigu, William S. Fischer beltzak ez zuela orain hain modan dagoen "world music" eta herrien arteko musika-elkartasun mestizairollito onari jarraiki kaleratu Akelarre Sorta diskoa. Egia esan, ez dakigu ia ezer Willian S. Fischer beltzari buruz.

Zer egiten zuen Willian S. Fischer beltzak 1972. urteko Euskal Herrian? Zer pentsatuko zuen gu bisitatu gintuenean? Zerk bultzatu zuen gure musika herrikoiaren influentzia zuen diskoa egitea? Zergatik jarri zion Akelarre Sorta izenburua diskoari?

Ez dakigu. Eta ez dugu jakin nahi. Erantzuna Akelarre sorta diskoan bilatzen jarraituko dugu...