• 1
  • 2
hurrengoa
belmondo, mundua toki eder bat dela gogorarazten digun gizona. odlok   Ez da munduko aktorerik onena, ez da Frantziako aktorerik onena, ez da siziliar jatorridun aktorerik onena, eta ziurrenik ez zen bere lizeoko antzerki taldeko aktorerik onena ere. Ez da guapoena, ez da aberatsena, ez da sexiena, ez da glamour handien duena, ez da ongi janzten duen horietakoa. Gaztaroan boxeolaria izaten saiatu zen, eta ez zen irtenbide txarra Jean Paulen moduko nerabe astakilo batentzat, baina 12 soken dantzan ere ez zuen bere itzala baino azkarragoa izatea lortu. Eta aberats jaio ez denak bizitzeko lan egin behar duenez, Jean Paul bere beste zaletasunean murgildu zen buru, sudur eta belarri: interpretazioa. Bere bizitza luzean –1933an jaio zen- hiru dozena pasatxo pelikulatik gora egin ditu eta antzerki talde propioa sortu du. Baina susmatzen dugu Belmondori ez diotela inoiz Donostia Saria emango. Eta guzti hau gutxi balitz, frantziar zinemak eman duen aktorerik ederrena bere belaunaldikoa da: Alain Delonen alboan nabarmenagoak izan dira beti Belmondoren gabezia guztiak.

Nik ordea, haragiztatzea tokatzen zaidanerako Jean Paul Belmondo izatea eskatu dut. Eta ez dut esaten galtzailearen lilura hori moderno eta cool geratzen delako. Baten batek ere pentsa dezake belmondokeria hau guapo ez garenon lubakia dela. Horrela balitz, aukera estetiko hutsa balitz, bada aukeran lubaki erakargarriagorik. Nik Belmondo beste arrazoi batengatik izan nahi dut. A bout de Souffle filman bezala, kapela jantzi eta Jean Seberg nire besotik helduta Pariseko Champs Élyssés-tan gora eta behera paseatzea delako nire amets ezinezkoen artean kuttunena, desiragarriena, ezinezkoena... gero, hilezkortasuna lortu gabe ere, lasai hilko nintzateke.