hurrengoa
pikenike uxeta labrit   I  koldo cortes Ukaezina da pic-nic parafernalia oso ingelesa dirudiela, baina berez jarduera honen asmatzaileak frantsesak izan ziren. XVI. mendean, Origines de la Langue Françoise de Ménage liburuak azaltzen du, ardandegi batera hurbiltzen ziren bezeroek euren etxetik jakiak ekarri eta amankomunean jartzen zituztela, ohitura honi ¨piquenique¨ izena emanaz. Hitza, "piquer" eta "nique" hitzetatik dator. Garrantzi gutxiko jakiak pikatzea alegia. Picnic hitza Ingelesez 1700. urte inguruan azaldu zen eta hitz frantsesa edo alemanerako "Picknick" izan zuen ardatz.
William Holdem eta Kim Novak protagonista dituen 1955. urteko “Pic Nic” filman argi deskribatzen da garai batetako pik-nik bileren izpiritu bateratzaile eta soziala. Azken urteotan aisialdia negozio bihurtu da eta honek pikenike izpirituaren gainbehera ekarri du. Baina tokian tokiko izaera eta ohiturei moldatu da eta gurean ere tinko eusten dio.
Omenaldia egin nahi diegu errepide irletan mahaia jarri eta igande-pasan aritzen diren bikote jubilatu frantsesei... edota aste osoa taxia gidatu ostean, asteburuan familia osoa autoan sartu eta eguna gure ibai bazterretan antolatzen diren "barbakiu" gune horietan pasatzen duten txomingeroei... edota Tour-a Pirineotara hurbiltzen denean antolatzen den makro pikenike gurpilduna... edota txandala jantzi eta tabako paketea poltsikoan mendi buelta egitera ateratzen diren mendigoizale guztiei. Bai. Larrua jotzeko zetazko maindireak eta kandelak behar ez ditugun moduan, pikenike ederra egiteko mendi tontorrera, desertuko dunetara edo uharte bakartietara iritsi behar ez dela sinisten dugulako.
Ez dakigu motxila bat egiten, ez dugu mendira joateko arropa aproposik janzten, hezurrik gabeko antxoa olibak eta biterkasa gasolina usainarekin nahastea atsegin dugu. Eta ez genuke amaitu nahi zientifikoki frogatua dagoen errealitate bat aipatu gabe: Pikenike egiten dugunok larrutan hobeto egiten dugu. Eta kitto.