hurrengoa
ezagun ezezagunak, ezezagun ezagunak    Hamaika aldiz ikusi ditugu baina ezagun ezezagunak zaizkigu. Ez dira izarrak, karteletan ez da sekula euren izenik azaltzen eta alfonbra gorritik paseatzeko ez dute gonbidapenik jasotzen. Denbora eta lanaren poderioz ordea, zine izar askok baino etxe handiagoak dauzkate eta auto azkarragoak gidatzen dituzte. Asko dira, baina guk "ametsen fabrikako" 3 langile hauekin proposatzen dizuegu jokoa. Berehala jabetu zarete ezezagun hauek ezagun egiten zaizkizuela.

Danny Trejo
Milos Formanen aktore fetitxea. New York University-n ikasi zuen interpretazioa. Beste askoren artean "One flew over the cuckoo's nest", "Amadeus", "Ghost"... ia 100 filmetan azaldu zen. "Starsky and Hutch", "Miami Vice", "X files" eta beste hamaika telesaioetan ere parte hartu zuen. Gastronomian aditua, sukaldaritza liburu ugari idatzi zituen. Iaz zendu zen, bere amaren jaioterria zen Sizilian, Polizzi Generosa herriko bere etxean. 57 urte zituen.

Vincent Schiavelli
Bere ezizena “The Mayor” da. Ziurrenik azken urteotan lan gehien egin duen aktoreetako bat. Haurtzarotik izan zuen harremana droga eta armekin. Denboraldi ezberdinetan. guztira 11 urte eman ditu kartzelan. San Quentin kartzelako pisu arin eta pisu erdiko boxeo txapelketak irabazi zituen. Kartzelan, kokaina uzteko terapia batean zegoela, pelikula batetan boxeo irakasle gisa lan egiteko eskaintza jaso zuen. 350 dolar eguneko. Baiezkoa eman zuen, jakina. Pelikula, Nikita Mikhalkov-en anaia den Andrei Konchalovskyren “Runaway Train” (1985). Azkenean, film hartan papertxo bat eman zioten eta orduz geroztik ez dio lan egiteari utzi gorputza tatuajez beteta duen aktore estajanobista honek.

Anthony Zerbe
Bere lehendabiziko filman, western bat, Charlton Hestoni masailezurra astintzen zion gaiztoarena egin zuen. Eta une hartatik gaur eguneraino, gure zeluloide memoriaren gaizto ofizialetako bat izan da (James Bond berari barrabilak ukitu zizkion “License to Kill” mitikoan). Zinean, telebistan eta antzerkigintzan makina bat lan egin du. Poesia zalea, 1962. urtean ezkondu zen egun bere emaztea denarekin.