• 1
  • 2
hurrengoa
jc perez: ulisesen itzulera antzoki gorrietara myrian gartzia   I  antero sergio Sei urte joan dira Juan Carlos Perezek diskoa atera zuenetik, Hiriko Istorioak honen aurretik. Itzultzeko joan behar izanaz galdegin diogu, eta atsegin erantzun berak, guri bezala, beste askori, komunikabideen harrera ona dela medio. 20 urteren buruan. “Itoitzekin bukatu zen nire bizitzan izan dudan garairik garrantzitsuena, nire lanari eta bizitza pertsonalari dagokionez ere bai. Hortik aurrera gertatu dena, nire lagun batek esaten duen moduan, dibertimenduak edo denbora pasa izan dira. Baina gauza asko gertatu dira. Ni konposatzen aritu naiz, musika garaikidea egiten. Eszenatokia utzi nuen estetika rock horrekin batera, beste era bateko musikan sartu nintzen eta honek, ez du ematen, baina eragin handia izango du geroztiko lanetan. Atlantic River-en adibidez, nik idatzi nituen konponketak. Musika idazten ikasi dut, eta ez hainbeste, errepikatu eta zuzenean jo. Ogibide bezala jarraitu dut musikarekin. Disko honetan lortutako sonoritateari eutsi nahi diot, zuzeneko emaitza gustatu egin zait, zerbait lortu izanaren susmoa dut, izandako esperientziari eta ikasitakoari esker lortua. Eta bide honetatik jarraitu nahi dut. Bidean dagoeneko hasi zaizkit gauza berriak agertzen. Tronboi joleari idatzitako lantxo bat dut esku artean, tronboia eta orkestrarako idatzia”.

Bluesaren 12 konpas. “Zuzeneko erropage horrek ematen dio haria errepertorioari, jazzak eta bluesak ematen diote zentzua. Biribiltasun bat lortu dugu nahiz eta kantu berri gutxi egon, sormen disko bat baino gehiago, konponketa edota berrirakurketa diskoa da, kantu zaharrak berrikusi ditugu. Aspaldian ez nintzen abestiak egitera jartzen, erosoago sentitzen naiz musikaren alorrean, kantuegilearenean baino. Klasikoan ere igartzen zait blues, jazz, rock edo deitu nahi bezala, herri musika horren eragina. Lehen ere hortik edaten genuen, estetika horretatik, musika egiteko era bat den heinean. Zappa, Quadrophenia, The Who... horiek dira nire erreferentziak, maisuak eta mamuak, piska bat esaten dizutenak: "Nik ere antzeko zerbait egin nuen, hortik egin leike”.
"Nahiz eta gu herriko jendea izan, hiriko musika egiten dugu. Horiek izan dira gure iturriak, rock edota blues zaleak, opera zaleak bezala, horrelakoak gara, apur bat musika horren esklabo. Baina lan batean garbi ikusten da pertsona horrek zein jarrera duen bizitzaren aurrean edota musikaren aurrean, jainkoarengan sinisten duen ala ez”.

Hizkuntza unibertsala. “Oso alferra naiz, beti nabil zerbaiten bila baina kuriositateak mugiarazten nau, gauza berriak behar ditut benetan jarduteko, dakidanak baino ez dakidanak mugiarazten nau. Musikak duen hizkuntza unibertsaletik edatea gustatzen zait, partiturak idaztea, beste norbaiti ematea eta horrek nire musika jotzea. Oso kontrako irudia, Itoitzeko garaitatik datorkit, abeslariaren figurarena, ia nahi gabe izan zela iruditzen zait. Are gehiago, lehen abeslariaren figurak ez zeukan garrantziarik, bigarren mailako musika tresna izan zitekeen. Gure artean ere ahotsa baxuago egon behar zen, ez hain aurrean. Denboraren poderioz, aldatzen joan da”.

Pianoa, partiturak eskegitzeko. “Pianoak eramaten zaitu kantuak beste era batera egitera, ez hain rock, zerbait irekiagoa edo jazzetik gehiago edaten duen musika tresna da. Ez zait gustatzen gauzak errepikatzea, eta horregatik akaso hasi nintzen pianoa ikasten, bide berri bati ekiteko, bestela aspertu egiten naiz. Pianoak eman dit hainbat musika diferente egiteko aukera, konposizioan batez ere, eta hori da gehien gustatzen zaidana”.

Antzoki gorrietan. “Ez ditut bereziki antzokiak aukeratu bira honetarako, gehiago izan da herriz-herri zabaldu den sare hori baliatzea. Baina, izatez, erosoago sentitzen naiz klub batean, oraindik ez bainaiz ohitu antzokietako isiltasunera, txaloak entzuten dituzu eta gero isilik gelditzen da aretoa. Ez dut uste bira honekin Madrilera edota Bartzelonara joatea, publikoa ere bilatu behar da, noizbehinka baino ez naiz ibili”.

Industria. “Askotan harrituta gelditzen naiz, gu hasi ginenean ez baigenekien ezer, dena zen intuizio hutsa. Euskal Herrian dagoen mailari buruz, zera, musikagile onak egoetaz gain, badira ere estudio eta teknikari geroz eta hobeagoak. Baina musikaren industriari dagokionez, aldaketa garaiak bizi ditugu eta ez dakit horrek nola eragingo dion euskal musikagintzari. Maila ona dago. Agian, munduan ematen den mugimendu horrek galga jartzen dio euskal industriari, baina baliabideak eta ekimenak hor dira ere”.