• 1
  • 2
hurrengoa
making of... la kermés lorea bidegain   bilbo, 2004/08/16
Fermin Muguruzak birako azken kontzertua eskaini du 20.000 lagunen aurrean. Andrés Belmontek baxua jotzen lagundu dio Fermini bira osoan. Kontzertu honen ondoren, zeregin berriak bilatzeari ekin beharko dio. Ruso aspaldiko partez oholtza gainera igo da kantu batean kolaboratzeko. Eta sabelan sentitzen dituen kilimak eraginda edo, entzulegoa “laster arte” batez agurtu du. Jada ez zaio burutik kenduko aspaldiko partez buruan duen egitasmo musikala martxan jartzea. Hechos Contra el Decoro taldea desegin zenetik Andrés eta Ruso eskenatoki batean elkartzen diren lehen aldia izan da.

madril-paris, 2004/09-2005/05
Andrések, behin Ferminen bira amaituta, Madrilen kantuak konposatzeari ekin dio. Ez du talderik, baina baditu kantuak. Bien bitartean Ruso Parisen da. Bilboko Ferminen kontzertuan bizitakoak kantuen hitzak idazteko gogoa eragin dio. Ez du apenas musikarik, baina baditu hitzak. Eta Iruñeko malandro baten bisita, egitasmoarekin aurrera egitera animatzen diona.

madril, 2005/07
Aspaldiko partez (Bilboko kontzertutik ez zuten elkar ikusi), Andrés eta Ruso Plaza De las Comendadorasen elkartu dira. Gauza asko bi lagunek elkarri kontatzeko. Eta konpartitzeko. Sexurik gabeko ernalketa. La Kermés abian da.

madril, 2005/08-2005/12
Astez aste Andresen etxean elkartu dira kantuak lantzen joateko. Rusoren hitzak eta Andrésen musikak bat egiten doaz. Andrések bakarkako lan handia egiten du. Presarik gabe,baina etenik ez. Maketa prest da.

madril-irun, 2006/01
Maketa bai, baina azpiegiturarik ez. Berri txarrak Irundik. Metaken itxierak Andrés eta Ruso zur eta lur utzi ditu. Hechos Contra el Decororen diskografia guztia Esan Ozenkik lehenik eta ondoren Metakek argitaratua baitzen. Lagunen lan-etorkizunagatik ardura. La Kermés umezurtz.

madril-iruñea, 2006/02
Distantziak eta adiskidetasunak ez dute elkar baldintzatzen. Garai batean Napartheid kolektiboa eta Hechos Contra el Decoro taldearen arteko harremana, orain Malandros izenpean berpizten da. Iruñeko lagunak arduratuko dira diskoa argitaratu eta zuzeneko emanaldien antolaketaz. Baita zuzenekoetan irudiak proiektatuz VJ lanak burutzeaz ere. Malandros izenaren atzean Caracasekiko lotura ezkutatzen da.

madril, 2006/04/03-2006/04/20
Andresek egitasmoak behar dituen musikariak bildu eta beraiekin kantuak landu ondoren, Julian Kanevsky badoa bere gidaritzapean instrumentuak banan banan grabatzen: Ivanen bateria, Andrés bera baxuan, Joseren kitarra, Evaren teklatua, Rusoren ahotsa, Feliperen perkusioa...

andoain, 2006/04/24-2006/04/30
Haizeak eta Fermin Muguruzaren kolaborazioa grabatu dituzte Kakirekin Garate baserrian. Aurretik, Madrilen grabatutako guztia bertako ordenagailura pasa dute. Baita Amparanoia eta Dzren kolaborazioak ere. Nahasketarako osagai guztiak prest dira. Editatzeko ordua da. Hau kendu, hori utzi, beste hau igo... kantu bera behin eta berriro zatika entzutea zenbateraino den nekagarri. Hori dela eta, disko bat argitaratzerakoan, musikariek denbora pasatzen utzi behar izaten dute kantuak lasai entzun ahal izateko.

madril-iruñea, 2006/05/08
Diseinu grafikoa, hitzak, zuzenketak, baimenak.... Badoa mezularia fabrikara master CD eta fotolitoekin. Ekainaren 8an diskoa dendetan salgai egonen da. Bien bitartean bada anitz lan egiteke promozioa bideratzeko. Fabrikatik diskoak banatzaileari bidaliko dizkiete, eta hauek dendetara helarazteaz arduratuko dira. Bitxia da gero. Orain garrantzitsuena falta da, zaletuek diskoa entzutea. Txanda.


La Kermés
titulorik gabea
Malandros 2006
PIASek banatua