laburrak
hurrengoa

PERIFERIAK 06

Bilbon apirilaren 26tik maiatzaren 7ra bitarte eta Donostian udaren ostean, urrian ospatuko da Periferiak 06. Ezarriak dauden pentsamendu mugak zalantzan jartzea eta hitza eta ekintzaren bitartez esperientziak trukatzea izan da azken urteotan Periferiak egitasmoaren adierazgarri. "Periferian" bizi diren pertsona eta esperientziak biltzen dira urtero. Aurten, besteak beste: John Holloway, Raul Zibechi, Idoia Zabaleta, Antzerkiola Imaginarioa, Laressistans, Dionisio Cañas, Ramon Vera...

hurrengoa

TEKLATU KAMALEONIKOA

Errusiatik datorkigu teklatu kamaleoniko hau. Tekla bakoitza mikro pantaila bat da eta programaren arabera tekla horrek bere izaera eta itxura aldatuko du erabiltzen ari zaren programara moldatzeko. Orain arte tekla gutxiko teklatu esperimentalekin jardun dira, baina honezkero teklatu osoa iragartzen ari dira.

hurrengoa

AEON FLUX

Duela gutxi gure inguruko zinemetara Aeon flux izeneko pelikula heldu zaigu. Zuetako baten batek pelikula ikusi badu zera pentsatuko zuen; ez dibertsiorik, ez kritikarik, ezer berririk ez. Guk ere hala pentsatzen dugu, baina gauza interesgarri, dibertigarri, kritiko eta berritzaile bat ekarri digu: Pelikulak oinarritzat hartzen duen animazio seriea DVDan argitaratzea. 90eko hamarkadaren erdialdean MTV kateak sortu zuen Liquid Television animazio programaren barnean hasi zen Aeon Flux, laburmetrai ezberdinetan. Ostera serie bilakatu zuten. Esan bezala, egin duten pelikula traketsaren estreinaldiak onuraren bat ekarri behar zuen. Pelikulaz paso egin eta murgildu zuzenean animazio DVDan...

hurrengoa

MURDERBALL

Honezkero ez zaigu arrotza egiten ezintasunen bat duen pertsona kirola egiten ikustea.
Arrotza egiten zaiguna ordea Murderball da. Murderball "sillaruedasetan" egiten den rugbya da. Euren koadrigetan doazen gladiadore hauek elkarri egurra ematen ikusteak oilo ipurdia jartzen du. Dokumental honetan film klasiko orok dituen osagaiak topatuko dituzu: Familia, kemena, ohorea, mendekua, sexua eta titi puntak gogortuko dizkizun biolentzia gaindosia.

hurrengoa

PRIMAVERA SOUND (EKAINAK 1-3)

Udako lehen makro jaialdia izango da Bartzelonakoa. Ez gara parte hartuko duten taldeen zerrenda egiten hasiko, batetik asko direlako eta bestetik guk aipatzen ditugun horietatik ziurrenik baten batek txikarra egingo duelako. Baina Bartzelonara joateko aitzakiarik behar duzuenontzat hauxe aukera.

hurrengoa

LOGO

Logoak garrantzitsuak dira. Batetik esaten duenagatik eta bestetik iradoki dezaketenagatik. Eta honokoak pentsatzen duzuna iradokitzen du...edo ez? Beno guk ikertzen jarraituko dugu Arlington Pediatric Center Michael Jacksonen enpresetako bat den hala ez...

hurrengoa

EBAKETA ESTETIKO DIGITALAK

“Egun, aldizkari edo edozein kontsumoko euskarrira iristen den argazkien %95a ukitua dago”. Glenn Feron-ek dio, eta sinisteko modukoa da, bera delako izar askoren argazkiak "moldatzen" dituen artista. Bere web orria bisitatu genuenetik konplexu batzuk kendu ditugu bizkarretik, baina aspaldiko galderak hor darrai: Photoshop existitzen denetik existitzen al da egiarik?

hurrengoa

SIX FEET UNDER

Telesail honek aurre egin behar izan dio espainiar telebistek eman dioten tratu txarrari. Lehendabiziko kapituluek suposatu zuten berrikuntza izugarria izan zen, eta denborarekin telesaila "kulebroi" moduko batean bihurtzen hasi bazen ere, izaera propioa duen telesaila dela ezin ukatu. Bosgarren denboraldiarekin telesail honi amaiera emango diotela iragarri dute. Eta ez du amaiera zoriontsu horietarikoa izango duenaren trazarik.

hurrengoa

USB TUNNING

Ordenadore aurrean lan egiten duenak badaki asper uneak izaten direla batzuetan, ordenadore alua zintzilikatzen edo dokumenturen bat jaisten dabilenean batez ere. Eta asperdura horri aurre egiteko modu ugari ikusi dugu. Azkenekoa USB giltzak tuneatzea.
Ezinbestekoa bihurtzen ari zaigun giltza miragarria pertsonalizatzea merkea da, eta autoekin ez bezala, gure jantzi eta orrazkerak ez du zergatik bat etorri behar gure USB giltza tuneatuarekin...

hurrengoa

BREAK ON STAGE. MAIATZAK 13 EUSKALDUNA JAUREGIA

Europako break dance lehiaketa garrantzitsuenetakoa Euskal Herrian ospatzen da. Break dance talderik ausart eta iaioenek hartuko dute parte espektakulu paregabe honetan.
Kale kultura eszenategi batean egun batez sartzea ez da kontraesana. Kontrakoa dela esango genuke. Break on Stage-k kalean egiten dena, naftalina usaina duen hainbat aretori bizitza eta aire freskoa emateko modurik onena dela erakutsi du.

hurrengoa

DRUM

Eskuz kiribiltzeko tabako izena duen General Etxague kaleko musika denda eta erakusketa areto txiki eta prestuan Izaskun Alvarezen margoak izango dira ikusgai apirilaren 28ra arte. Toki gutxitan topatuko duzun musika aukera izateaz gain, inguruko artista berrien proposamenak eta tarteka disko ezberdinen zuzeneko aurkezpenak topatuko dituzu Drum denda-galerian.

hurrengoa

BALLET BIARRITZ

2006. urtea topera hasi du Biarritzeko baletak. Emanaldi ugari eman ditu munduko txoko ezberdinetan. Apirila eta maiatzean Euskal Herriko eszenatoki askotan izango dugu euren lanaz gozatzeko aukera. Emanaldi ugari direnez, egokiena euren web orrian begiratzea da, eta bide batez balet honek munduan zehar zer nolako arrakasta duen jabetuko zara.