hurrengoa
Lobo Electrico: Label Elektrikoa Teresa Sala   Jolasa. Kaotikoa. Erotismo tantaz zipriztindua. Gonbita. Musika eta ikuskizuna. Psikodelia. Ezustekoa. Kontaktua. Keinuak. Zerbait adierazteko hitzak kostata aurkitzeak zerbait hori berezkoa denaren froga dela irakurri zuen nonbait, lerro hauek idazten dituenak. Lobo Eléctricok bere label propioa dauka. Eskertzekoa da Tolosako kafetegi tipiko batera sartzea, ordu tipikoenean, eta, bi ordu beranduago, ustekabeak noizbehinka eskaintzen dituen asetze sentsazioetako batekin ateratzea. Dr.Magmak eta Conde Eléctricok ez dira ohiko elkarrizketen jarraitzaile, lagunen arteko hizketaldia nahiago. Grabadorari keinurik ez, baina makina hortxe, fin fin. “Benetako istorioa kontatuko dut”, Dr. Magma hizlari, “marihuana erretzen nengoela irudipen bat izan nuen: ni zerbaiten gainean zamalkatzen, geroz eta irekiagoa aurkezten zitzaidan inguruan. Oso sentsazio ona izan nuen, zerbait hori animalia bat zela berehala jakin nuen eta otsoa iruditu zitzaidan, otso elektrikoa, gainera. Oiloa izango balitz ez luke glamour bera izango...”.

Norberak badu bere Unibertsoa...
1999 urteko urrian elkartu ziren eta urte hartako Gabonetan estreinako emanaldia eskaini zuten Bonberenean. El lado salvaje del corazón (Beleza Malandra) izena jarri zioten urdin koloreko biniloan ekoiztutako singleari, gero diskoa heldu zen: ¿Has visto ya al Lobo Eléctrico? (Bonberenea, 2004). Tentazioz bustitako hamar abesti. Besteak beste, Blakk fiva, Tribu omega, La ciudad de las vírgenes, Caballo sónico...
Zuzenean ezagutu beharreko taldea da Tolosakoa. “Zuzeneko emanaldiak beharrezkoak dira niretzat, ezingo nintzateke, luzaroan, kontzerturik eman gabe egon”. Taldeko ahotsak argi dauka berari “abestiak sortzeaz gain, unibertso partikularrak kreatzeko gai diren taldeak” gustatzen zaizkiola. “Agertokiak unibertsoak sortzeko parada ematen dizu, ni goian nagoenean aukera hori aprobetxatu eta gure unibertsoa sortzeaz gain, horretan parte hartzeko gonbita luzatzen diot ikusleari”.
Eta, nolakoa da Lobo Electricoaren unibertsoa?
“Kide bakoitzak berea dauka eta taldea guztien nahasketaren erakusgarria da. Nik nire mitologia partikularrean aurkitzen ditut abestien hitzak. Niretzat oso baliagarria da eta hori transmititzen saiatzen naiz”. Musikariek ez dute gonbiterik errefusatzen, eskaintzen dieten kontzertu orori, baietz.

The Clash, Raphael, Judas Priest eta datorrenari amen
Disko bakarra bizkarrean, 2004ko azaroan Japoniari egindako bisita, kontzertuak edonon, arrakasta... Eta, orain, zer? “guk ez dugu diskoabira- kontzertuak-beste disko bat eskema finkoa jarraitzen, gauzak datozen moduan hartzen ditugu. Orain bai, abesti berriak sortzen hasi gara, denbora luzea eman dugulako nobedaderik gabe”, Magma Doktorearen hitzei jarraiki.
Rock ‘n’ Roll glam, edo Erotik rock ‘n’ roll egiten dutela diote, baina zein iturrietatik edan duten galdetzerakoan erantzuna ez da zehatza, “nahasteborrastea da gustatzen zaigun musika eta horren emaitza da egiten duguna”. Punk? “Punk ez da musika mota bat, punk munduan egoteko modu bat da: Do it yourself”.
Baina egongo da gustuko talderik, iturririk, inspiraziorik?
“Bai, noski, baina bakoitzak bereak dauzka... eta garrantzitsuena guzti horren ispilua taldean eta taldeak eskaintzen duen horretan gelditzen dela da”. Zerbait aukeratzekotan, Conde Eléctricok The Clash edo Iron Maiden aipatzen ditu, “beste gauza askoren artean”. Magmak baditu faboritoak, “Judas Priest taldeko abeslari Rob Halford eta Raphael, eszenatokian erakusten duten jarreragatik edo, besterik gabe, majoak irizten zaizkidalako”. Ateak eta begiak beti zabalik, beti prest, “datorrenari behar bezalako ongi etorria egin ahal izateko”.