hurrengoa
Mursego, kobazuloko doinuak Arkaitz Villar   I  Irene Mariscal (ezlekuak) Maite Arroitajauregi hainbat proiektutan kolaboratzen ikusi izan dugu: Anari, Lisabö, Napoka Iria, Kokein, Gora Japon, Ibon R.GÉ Orain, Mursego (saguzarra portugesez) sortu du. Lehen diskoa agortu ostean, bigarrenaren bila doa. Proiektu askotan kolaboratu duzu orain arte. Nola moldatu zara bakarrik lan egitean?
Mursego ezberdina da, nik sortutako kantak dira, eta ez dut beste inoren zain egon beharrik sortzeko edo entseatzeko. Orain arte beste batzuen konponketak egiten ibili naiz, eta, orain, nik sortu dut dena.
Laboaren letra edo PJ Harvey-ren bertsio bat entzun dezakegu zure diskoan.
Bertsioak egitea ariketa bezala hartzen dut; konposatu aurreko ariketa, gainera, oso atsegina da. Zuzenean Kraftwerk-en "The Model" ere moldatzen dut.
Eta horrekin, orain arte Cello-arekiko genuen ikuspuntua ere aldatu duzu.
Orokorrean, konposatzeko eta kantuak egiteko modua ezberdina da. Joera klasikoarekin hautsi dut, eta, pedalaren laguntzarekin, loop ezberdinak erabiltzen ditut horien gainean kantua sortzen joateko.
Euskara, ingelesa, errusiera...
Hizkuntzarena ez da erabaki estetikoa, baina bai aukera estetikoa. Ekintza estetiko bat da, kantuak sortu ondoren eskatzen zidaten zerbait, alegia.
Saguzarrak gauez irteten dira.
Eta mundua alderantziz ikusten dute. Askotan mundua beste alde batetik begiratzen baduzu hobeto ulertzen duzu. BAP-ek abesten zuen hori: "ni ondo nago, alderantziz zuek zaudete".
Zinea ere hor dago.
Askok esan didate soinu zinematografikoa dudala, baina inkontzienteki egindako zerbait da. Zuzenean "Un hombre sin pasado" filmeko letra bat erabiltzen dut eta, azkenaldian, Marilyn Monroe-k "Rio sin retorno" filmean abesten duen kantuaren moldaketa ere egiten dut.
"Bat.1" da diskoaren titulua. Hurrengoa "2.0"?
Bat saguzarra da ingelesez, eta 1 zenbakia lehen diskoa delako. Bigarrena ere etorriko da: Bat.2, biniloan argitaratu nahi dudana. Lehenengo diskoko ale guztiak saldu ditut eta
bigarrena grabatzekotan nabil. Sare sozialen kontua ez dut gehiegi jarraitzen, baina myspace-ak leku askotara iristen lagundu dit.