paper
hurrengoa

neguko zirkua

harkaitz cano. susa

Neguko zirkuan, bata bestearen atzetik, ipuinak azaltzen dira pistan. Eta ipuin bakoitzak emanaldi ezberdin bat eskaintzen digu. Ipuinek ez dute zerikusirik elkarren artean, baina ezagutzen ez dugun arrazoi batengatik, pailazo batek, akrobata batek eta emakume bizardun batek karpa berdinaren azpian izateko arrazoia topatzen dutela dakigun moduan, Canoren ipuin hauek eremu berdin bateko biztanleak dira. Mundua begiratzeko eta munduan begiratua izateko modu bat erakusten dute. Batzuk estetika izena ematen diote horri. Idazten duen jende asko dago, estilo propioa duen idazle gutxi ordea, eta Harkaitz Cano azken hauetako bat da.

hurrengoa

si sabino viviría

iban zaldua. lengua de trapo

Nueva Euzkaditik honezkero suntsituta dagoen Lurra planetara detektibe bat bidaltzen dute Sabino Aranaren gorpuaren bila. Abiapuntuak eroa badirudi ere, detektibe bizioso eta bihotz gabearen pausoak jarraitzen hasten garenean, uste baino gertukoagoa den unibertso bat sumatzen hasten gara. Zientzia Fikziozko istorio zoro bat da. Cosmic Josemi detektibea A Confederacy of Dunces nobelako Ignatius Reilly ekartzen digu gogora. Eta putakume maitagarri honen bandoan jartzen gara lerroek aurrera egin ahala. Ez da Space Odissey 2001, eta horri esker Si Sabino viviría-rekin ez zara une bakar batean aspertuko.

hurrengoa

alergia book

egile ezberdinak

Alergia, saihestezina den gaixotasun kroniko bat da. Gainetik kendu ezin duzuna. Tarteka esnatzen dena eta zure gorputzean guda eremua topatzen duena. Alergia barruan duzu eta kito. Eta alergia menperatu ezina izaki, harekin bizitzen ikasten duzunean, orduan hasten zara gaixotasuna menperatzen. Horrelako zerbait esaten diete liburu honen egileek hirietako paretak margotzeagatik kexuka azaltzen diren garbizale guztiei. Diseinuak, zirriborroak, grafitiak, 3D...

hurrengoa

vredaman

unai elorriaga. elkar

Unai Elorriagaren hirugarren eleberri honek mundua ikusteko ezohiko modua aurkezten digu. Lau istorio ezberdin bateratzen ditu, Tomasena, Iñes lehengusinarena, Mateo lehengusuarena, Piedad arkitekto famatu baten andregaia izandakoarena... Pertsonaia bakoitzaren izaera oso modu sakonean landu du Elorriagak. Protagonista bakoitzari hizkera propioa eta mundua ikusteko mapa pertsonala eman dizkio. Eta kontakizunak aurrera egin ahala, irakurlearengan emozioak sortzeko gaitasun handia erakusten du sekretutxoa gordetzen duen izenburu bereziko nobela honek.