• 1
  • 2
hurrengoa
eraikitzen angel aldarondo   Aitzol.- Aupa Estanis, hitz egin al dezakek orain? Niri ez esan lanpetua habilela...
Estanis.- Trankil, nagusia ez zagok, kalera irtengo nauk biriketan galipot pixka bat sartzera. Antikonjelantea ere bazeukatean jartzea tabakoan. Hau bai hotza!
Aitzol.- Deitzen nian zuen web orria oraindik “eraikitzen” duzuelako, bi urte baino gehiago daramazue horrela. Kontuan izanik publizitatean eta web orrien diseinuan aritzen zaretela, nik uste diat badela garaia lehen harria, edo zimenduak, edo zerbait jartzekoa, ezta?
Estanis.- Aizak, hiru urte zaramatzat ideiak proposatuz, baina ez zagok adostasunik. Ezerk ez gaitik konbentzitzen, ez zagok ideia bakar bat, geu garena laburbilduko duen leit-motiv bat, gure filosofia, gure ikuspegia... ezagutaraziko duena.
A.- No te enrolles charlesboyer! Jubilata konplexua egiten ari zaidak hainbeste obra eta hainbeste “barkatu eragozpenak” ikusita. Bazirudik beldurrez zaudetela kalera irteteko, enpresa gisa definitzeko, zuen buruei etiketa bat jartzeko, nahiz horixe den zuen bezeroei egiten diezuena.
E.-...
A.- Ez ala? Ez zaituztet ulertzen. Beti kexaka zabiltzate bezeroek baztertu egiten dituztelako ideia orijinalak eta ausartak, beti aukeratzen dutela proposamenik txarrena. Hala ere, bezero perfektuaren aurrean topatzen zaretenean, atzera egiten duzue, eta “under construction” ditxosozko esaldia zintzilikatzen duzue. Eta azkenik ausartzen zaretenean, datu-base txiki eta ziztrin bat osatzen duzue, berehala eguneratu gabe uzten duzuena, abuztua arte “Eguberri zoriontsua” esanez.
E.- Arrazoia duala iruditzen zaidak. Goi mailako joskintzako desfile baten ondoren jeansak eta kamiseta zuria jantzita daramatzan diseinatzailea bezala duk.
A.- Edo erretzeari uzteko behin eta berriz esaten dian medikua bezala, belarritik zigarroa kendu gabe. Sinesgarritasuna galtzen dik mezuak. Eta horixe duk gertatzen zaizuena, kontraesanez beteak zaudetela.
E.- Nik neuk uste diat planteamenduan bertan dagoela akatsa. Ia web orri guztiak, beren itxura alde batera utzirik, “enpresaren memoria” erakoak dituk. Internetek, beste edozein masa-hedabidek bezala, mezuak, ideiak, kontzeptuak... bidali beharko litizkek, eta ez betiko txosten monolitikoak, “nor gara”, “zer egiten dugu”... Telebistako kanpaina guztiak publi-erreportaiak balira bezala duk.
A.- Hori da, diseinua bigarren mailan zagok, diseinatzaile grafiko zaretenok garrantzi handia ematen diozue zuen buruari, baina berez ez duzue beste ezertarako balio, sukaldariek bezalaxe, barkatu, “restauradoreak”. Ba al da nolabaiteko gizarteerantzukizunik? Horren guztiaren helburua zirrara eragitea duk, sariak irabazteko, zuen handinahia asetzeko, miresmena lortzeko.
E.- Et, et... hago isilik, bazaudek benetako jeinuak, artistak.
A.- Bai, sasi-artistak. Egia esan behar badiat, artisauak zarete.
E.- Eta publizitateko sortzaileak pasta lodiko betaurrekoak daramatzan idazle frakasatuak dira, ...zenbat topiko!
A.- Pozi! topikoak ez ditut nik asmatzen, Estanis. Bilgarri eder bezain faltsu bat eskaintzen duzue gehiago saltzeko helburuarekin, eta horri “balio erantsia” deitzen diozue. Nik iraultza-zerga deitzen diot.
E.- Aspertzen hasia naiz, bigarrena piztuko diat. Begira, agentziek ez baditugu gure web orriak amaitzen, ordaindu gabeko proiektuak direlako duk, eta horrela, azken lehentasun bihurtzen dituk, ahaztera iritsi arte.
A.- Bada, orduan, beste agentzia bati eskatu beharko zeniokete zuen web orria egiteko.
E.- Horixe, eta guk haiei egin. Beste hark esango lukeen bezala, ¿nos hacemos unas pajillas?.
A.- Proiektu batean lanean ibili ninduan helburu horrekin, “cucharadepalo.com” izena zian, eta web orri horretan agentziek beren ahaleginak trukatzen zitiztean.
E.- Alde egin beharra diat. Nagusiari proposatuko zioat. Nahiz berak uste duen hobe dela web orririk ez edukitzea, abestirik luzeena itsusienarekin dantzatzea baino.
A.- Kobarderl!
E.- Jarl!