• 1
  • 2
hurrengoa
"Da Cat" Getarin odlok   Surfean mito ugari existitzen da. Baina mito horien artean inork ez du lortu Mickey Dora "Da Cat" kaliforniarraren dirdira. Jende gutxik daki "Da Cat"-ek bere bizitzako azken urteak Lapurdin eman zituela, Getarin hain zuzen. Bizilagunek diote egunero hurbiltzen zela itsas ertzera olatuei begira egotera. Minbiziak jota, Kaliforniara itzuli zen, eta 2002. urteko urtarrilaren 3an zendu zen, 67 urterekin. Egun hartan, barealdi luze baten ostean, olatu eder eta handiek jo zuten Getariko kostaldea. Maradona futbolean izan dena izan da Mickey Dora surfean. Jatorri hungariarra izanik, (Budapesten jaio zen eta Miklos da bere benetako izena) Kaliforniako surfa egiteko modua eta filosofia goitik behera astindu zituen. Malibuko hondartzan hartu zituen bere lehendabiziko olatuak eta bertako surfaren ikono bihurtu zen berehala. Olatuaren gainean elegantea eta fina zen. Olatu erraldoiek ez zuten kikiltzen eta norbait bere bidean gurutzatzen bazen... beno... ez zuen errukirik. Surf munduan lehiaketak eta komertzializazioa hasi zirenean, Dorak kontra egin zion joera horri, surf filosofiaren aurka zihoala argudiatuz. Berehala bihurtu zen pertsonai polemikoa. Prentsa ere ez zuen begiko eta sekulakoak izan zituen aldizkari askorekin. Iraultzailea eta ahoberoa zen. Kontraesanez betetako izakia. Komertzializazioaren aurka azalduta ere, Dorak hainbat surf filmetan parte hartu zuela ezin ahaztu. Kontraesan hau, egun, gure kostaldean ere gertatzen ari da. Uretan jende gehiegi dagoela kexatzen den jende bera izaten da surf industriaz eta surfaren zabalkundeari esker bizi dena.

1974ean AEBtatik alde egin eta 300.000 kilometrotik gora egin zituen munduan zehar, beti ere kostalde eta irletako olatuetan barna. 1981ean FBI-k harrapatu zuen, berak zioen bezala “5 pasaporte zigiluz bete eta estatubatuarren zergetatik milioika dolar gastatu ostean harrapatu ninduten. Pistola bat buruan jarri eta horrela eman zioten amaiera inork egin duen surf bidaiarik liluragarrienari”. AEBtara eraman eta bertan kartzelaratu zuten kreditu txartelekin iruzurra egiteagatik. Hala ere bere legendak bidea egiten jarraitu zuen, eta orduz geroztik munduko edozein olatuetan ikusten zen "Da Cat"-en mamua surfean...

Espetxealdiaren ostean, historiako surfer bitxienak Euskal Herriko kosta aukeratu zuen bere bizitzaren azken urteak pasatzeko. Tarteka Hegoafrikara ere joaten zen bertako uhin luzeez gozatzera, baina Getariko olatua izan zen Katuaren paradisu partikularra. Uretara sartzen zen, inorekin hitzik egin gabe, eta gazte "pelioxigenatu" askok sekula hartuko ez duten olatu erraldoietara botatzen zen bere surf ohol handiarekin. Inguruko surflari askok ez dakite mito batekin konpartitu zituztela surf saioak. Berezia zen "Da Cat". Biarritzen ospatutako txapelketa batean bere aurpegia ezkutatzen zuen plastikozko maskara batekin azaldu zen. Bere bizitza film bat egiteko modukoa dela pentsatuko duzue zuetako askok. Ba ez zarete lehenak izan. Dora hil eta berehala Leonardo Di Capriok erosi zituen haren biografiaren zine eskubideak. Gisa horretako sakrilegiorik sekula ez gauzatzea espero dugu soilik.