hurrengoa
zorigaiztoko emakumeen patu beltza    “Ez da familia osatzen duen emakumea. (...) Batzuk azkarrak dira emakumeekin. Beste batzuk oso baldarrak. Zu ez zara azkarra”
Bluey-Bluey pailazoa (Stanley Prager) "Gun Crazy" filmean (1950).
Joseph H. Lewis zinemagileak 1950. urtean filmatu zuen "Gun Crazy" B mailako film beltza. Bertan, Bart eta Laurie bikotearen maitasun istorioa kontatzen da. Bartek biziki maite ditu armak txikitatik. Zirku ikuskizun batean Laurirekin egingo du topo: emakumezko cowboy bezala aurkeztuko du bere burua showean, eta ikaragarri abila da armekin. Elkar ezagutu eta Bonnie and Clyden tankerako bikote bilakatuko dira. Hala, bankuak lapurtzen hasiko dira, ez baitute lanik egin nahi. Lauriek, gainera, atsegin du bere errebolberraren katua astintzea. Bartek, ordea, arma zale sutsua izan arren, ez du sekula odolik isuri. Azkenik, emakumea gailentzen da eta hilketak hasten dira. Film amaieran gizonezkoak bikotekidea tirokatzen du. Tiro hotsek poliziak ohartarazten dituzte eta Bart ere bertan hiltzen da. Emakumeak delituz beteriko eta amaiera tragikoa duen abenturan murgildu du gizon gizajoa. Une batez, Bartek bere patua aurreikusten du, etsita: “Elkarrekin jarraituko dugu. Ez dakit zergatik. Agian arma eta munizioaren antzekoak gara, beti elkarrekin”. Film Noir-ak eman duen pelikula onenetarikoa izateaz gain, genero horrek famatu zuen femme fatale-en erretratu fin eta basatia erakusten du.

Horrelakoak dira zine beltz estatubatuarrak sortu zituen emakume misteriotsu eta erakargarriak: haien botere nahiak ondoko gizon pattalak txikitzen zituen, emakumezkoak autosuntsiketan erortzen ziren bitartean. Zorigaiztoko emakumeak betidanik izan dira literaturan eta zinemagintzan. Hala ere, AEBetako Film Noir-aren baitan, 1940tik 1958ra bitartean -urte horretan Orson Wellesek "Touch of Evil" errodatu zuen; gerora Neo Noir-a etorriko zen-, egindako pelikulek margotu zuten gure begietan itsatsita gelditu diren zorigaiztoko emakumeen irudi ilun eta tentagarriak. Nahiz eta askorentzat Film Noir-a generoa baino mugimendua izan, garai hartan AEBetan eman ziren ezaugarri politiko eta sozialei erreparatu behar zaie zine fenomeno horrek irudikatu zuen emakumea aztertzeko. Bigarren Mundu Gerran AEBetan gertatu ziren aldaketa sozialek emakumearen emantzipazioa ahalbidetu zuten. Hala, emakumearen presentzia areagotu egin zen zine beltzean. Lizabeth Scott (1922) aktoreak ondo baino hobeto azaltzen du sasoi hartako egoera "El Cine Negro Americano" (Laertes argitaletxea) liburuan jasotzen den elkarrizketa batean: “Hainbat film beltzetan esku hartu nuen garai hartan, genero horretako film asko egin zirelako. Arrazoiren batengatik, publikoaren zati handi bati asko gustatzen zitzaizkion. Ziur naiz fenomenoak erlazio psikologikoa zuela gerraren amaierarekin. Gizonezkoak gudan izan ziren eta agian emakume asko ezagutu zituzten, emakume liluragarriak, benetako zorigaiztoko emakumeez ari naiz, irudi ikaragarri erakargarria”.

Garaiko liburu beltzen produkzioari ere erreparatu behar zaio. Eleberri hauetako protagonista nagusiak, detektibe pribatua eta zorigaiztoko emakumea, alegia, behin eta berriro pantailaratuko ziren hurrengo urteetan. Izan ere, film asko nobela beltzetan oinarritu ziren. Hala, femme fatale-aren anbiguotasuna zorrozteko arma erabilgarri bilakatu ziren pulp irakurgaiak. Esaterako, Billy Wilder-ek zuzendutako "Double Indemnity" (1944) eta Tay Garnett-en "The Postman Always Rings Twice" (1946), James M. Cain idazlearen bi lanetan oinarritu ziren. Bietan zorigaiztoko emakume arketipoak ageri dira: Barbara Stanwyck eta Lana Turner aktoreek, hurrenez hurren, antzezlan bikainak egin zituzten. Ordura arte, beti gizonezkoen eskuetan zegoen botere ekonomikoa bereganatzeko sedukzioaz baliatzen diren emakume zoragarriak dira. Dirua, luxua eta boterea lortzeko, erre, dantzatu, armak erabili eta autoak arduragabe gidatzen dituzte. Edertasuna eta sexualitatea orratz eta hari gisa erabiltzen dituzte armiarma sare arriskutsuak josteko (femme fatale terminoa frantsesek asmatu zuten; estatubatuarrek nahiago zuten spider-woman izendatzea). Era berean, fatalismoak harrapaturiko emakumeak ere badira. Wilder-en maisulanean bi protagonista nagusiak, Phyllis (Barbara Stanwick) eta Walter (Fred MacMurray) elkar tirokatzen dute elkarrizketa erabakior baten ostean:
Phyllis: “Ustelduta gaude”.
Walter: “Baina zu ni baino gehiago. Agur, laztana”.


Krudelak bezain gozoak
Zine beltza eme maltzurkeriaz josita dago. Baina, 1945. urtean John M. Stahl-ek zuzendu zuen "Leave her to Heaven" filmaren pertsonaia nagusiaren jokabide zitalak edozein kikil dezake. Aitaren hiletara doala Ellen Berent-ek (Gene Tierney) -Otto Preminger-en "Laura" maisulan beltzean ere parte hartu zuen-, Richard Harland (Cornel Wilde) idazlea ezagutuko du tren batean. Maitemindu eta ezkondu egingo dira. Era berean, Danny koinatua ere ezagutuko du. Elbarria da eta gurpil-aulkian dabil. Hain da handia Berent-en maitasuna ez duela senarra inorekin partekatu nahi, eta jeloskor jartzen da Danny-k anaiarengandik jasotzen duen arretagatik. Ondorioz, lakuan itotzen uzten du. Senarra ondo lotzeko haurdun gelditzen da, baina eskaileretatik behera botatzen du bere burua haurra galtzeko. “Barruan daramadan munstro txiki hau nola gorrotatzen dudan jakingo bazenu”, esaten dio ahizpari. Azkenik, bere buruaz beste egiten du. Hilzorian ere sendo heltzen dio eskutik bere obsesioari. Izan ere, beste mundura ere berarekin eramango luke senarra. Drama eta noir artean kokatzen den maitasun istorio obsesibo honek, femme fataleen muturreko jokaeren eredu gordina gordetzen du. Itzela.