hurrengoa
kobe: animaleko bizitza!    Katzunari Watabik esku trebeak ditu. Garai batean bere eskuen abilezia bilakatu zuen ogibide. Egun, ordea, lau gauza idazteko besterik ez ditu erabiltzen. Herria utzi eta Tokiora etortzeaz ez da damutzen. Dibertigarriagoa da Tokio. Hala ere, guretzat, kanpotar basationtzat, bere aurreko bizitza askoz interesgarriagoa da. Katzunari masajista zen. Wagyu behi masajista. Aspaldian, wagyu arrazako behi eta idiak libre bizi ziren Japoniako mendietan. Gizakia, bere senari jarraiki, lau hanketako animali hauek harrapatu eta ukuiluetan gordetzen hasi zen. Garai feudalean, wagyu behiak gudari trebeentzako soilik hazten zituzten. Japoniar arrazako behi hauen haragia orduan hasi zen luxuzko elikagai izaten. Baina gosete garaietan, laborantza lanetan jarri zituzten wagyu arrazako behi eta idiak, eta denbora pasa ahala, beste herrialde batzuetatik ekarritako behiekin nahastu zituzten. Wagyu behiak gero eta eremu txikiagotan geratu ziren eta arraza aratzeko ale gutxi batzuk geratu ziren isolaturik. Egun, horregatik da hain preziatua wagyu behietatik ateratzen den Kobe izeneko haragia. Horregatik, eta arraza honetako behiak hazteko prozedura bitxi eta korapilotsua jarraitu behar delako. Batetik, behiak egun ia osoa etzanda mantentzen dituzte muskuluak gogortu ez daitezen. Honetan laguntzeko, garagardoa ematen diete edateko. Behiak erdi mozkortuta pasatzen du egun osoa eta etzanda egoteko gogoa sentitzen du. Garagardoak gainera behia gizendu eta proteinaz betetzeaz gain, garagar zaporea ematen dio haragiari. Eta guzti hau nahikoa ez balitz, gure lagun Katzunariren lanbide zaharrak ere badu zerikusirik Kobe haragiaren emaitzan. Haragia xamur-xamur egon dadin, masajista espezializatuek animaliaren solomoetan gora eta behera mugitzen dituzte euren eskuak egunero. Aipatutako guztiarekin, marmol itxura duen haragia lortzen da. Hau da, gantzak eta haragiak bat egiten dute, jabugo urdaiazpikoan gertatzen den moduan. Izan ere, haragiaren zaporeak eta xamurtasunak ez du parekorik. Guzti honek, jakina, Kobe haragiaren prezioan eragin zuzena du. Wagyu behi baten haragi kiloa 300 euro balio izatera irits daiteke...