hurrengoa
japonian zuzenean    "Tristea da esatea, baina Japonian hemen baino hobeto ulertzen dute rock and rolla zer den". (Lobo eléctrico) GALDERAK
1- Zer sentitzen da orokorrean zure musikaz gutxi jakin eta lehendabiziko aldiz ikusten zaituen ikuslego baten aurrean jotzerakoan?

2- Nolako erantzuna izan zuen ikuslegoak zuen kontzertuetan?

3- Japoniara itzultzeko –edo sekula santan ez bueltatzeko- arrazoi bat?

4- Talde japoniar kuttunik?

5- Bidaian gertatu zitzaizuen bitxikeriaren bat?


atom rhumba

1- Froga ona da taldearentzat, aurreiritzirik gabe gure kantuek ze punturaino funtzionatzen duten erakusten duelako.

2- Energia askorekin, guztiz erotuta daude.

3- Entzuleak. Kontzertuetara datorren jendea. Bestetik aipagarria da ere ematen dizuten tratu eta errespetua: teknikariak, antolatzaileak, kazetariak, managerrak,... Janaria ere bai, izugarri goxoa da.

4- Asko daude!: Boredoms, Guitar Wolf, Teengenerate, Polysics, Acid Mothers Temple, Cibo Matto, Thee, Michelle Gun Elephant, Jet Boys, 5678’s...

5- Fan fenomenoa bizi izan genuen. Astebetez Rolling Stone bat izatea bezalakoa da: 20 metro egiteko ordu erdia ematen genuen, sinadurak eta argazkiak eskatzen zizkizun mundu guztiak, jendeak garrasi egiten zuen. Eman genuen bigarren kontzertuan, ordurako ikusle askok gure elastikoa zeraman! Oso dibertigarria izan zen.

Osasuna eta rhuuuuumba!!!

joxe ripiau

1- Japoniakoa gure kulturatik oso-oso urrun sentitu nuen hasieratik. Batek zioen hortik ibiltzea dela martziano makina baten barruan ibiltzea bezalakoa. Beste batek esan zidan tripi bat dela. Ados nago bi iritziekin. Joxe Ripiaukoei oso dibertigarria iruditu zitzaigun bertan jotzea.

2- Liburu batean bertako dantzak horizontalak direla zioen. Gurekin salto egin zuten gustura!

3- Itzultzeko hamaika arrazoi. Zentzu askotan hain urruti gelditzen zaigun herria ezagutzea lehenengoa, hau oso erakargarria egin zitzaidan. Errespetua eta hemengo umeek munduaren aurrean harritzeko gordetzen duten ahalmena gordetzen du jende askok han. Sagarroi taldekoak datorren urteko udan joango gara bira egitera. Kontatuko dizuet bueltan.

4- Doberman ikusi nuen orain dela gutxi Ondarrun (Betagarri taldeak gonbidatua) eta oso dibertigarriak iruditu zitzaizkidan.

5- Kar, kar, kar, bidai osoa izan zen bitxikeri bat bestearen ondoren. Asier tronboi joleak trengeltokiko txarteldegian txartela atera nahi zuen eta ez zekiten ingelesez. Orduan makinan "HELP" botoi bat sakatu eta atetxo bat ireki zen. Barruan japoniar txiki bat zegoen, ingelesez zekiena, Mortadeloren komikietan bezala. Osakan karaoke batera eraman gintuzten (5. solairu batean zena) eta bertakoek "Los vascos" izena zuen ardo txiletarra atera ziguten. Kanta bat aukeratzeko liburua eman ziguten, eta telefonoaren gida zirudien! Kontzertu batean tipo heldu bat eszenatokira igo eta yen billeteak sartu zizkigun praketako patriketan, eta horrelako asko...

betagarri

1- Gure lehenengo aldia itzela izan zen, Ska festibal batean izan zen Kawasaki-ko Cita aretoan. Beteta, eta denak dantzan. Horrela balitz hemen beti... Japoniarrek musika kultura ederra dute, eta kontzertuetara joateko ohitura dute. Kontzertuetara, ez jaietara. Hemen inor ez doa ska kontzertu batera asteazken batean arratsaldeko seietan, eta han bai. Eta nola pasatzen duten! Hemen txosnak, kalimotxoa... ez badago, zaila da areto bat edo plaza bat betetzea.

2- Ederra guztietan, aipatzen nuen moduan, oso irekita daude. Zuk imajinatzen duzu Danimarkako talde ezezagun kontzertu bat Euskadiko ez dakit zein aretotan azaroko astearte batean? Eta ordaindu beharrekoa? Ez litzateke inor joango. Gu ikusten beti egon da jendea, areto txikietan, baina beti egon da jendea, eta hori bai, asko edo gutxiago egonda, joaten direnak disfrutatzera joaten dira.

3- Itzultzeko mila, eta gehiago musikaria izanda. Han topatuko baitituzu aretorik modernoenak, teknika arloan munduko ekiporik onenak, sei teknikari zure esanetara... en fin asko dugula ikasteko, beti esaten da Euskal Herriko musika la ostia dela, baina ez da, ez da. Oso zahartuta dago dena hemen, 80. hamarkadan bezala gabiltza, eta XXI. mendean gaude!!! Ez bueltatzeko, askotan japoniarrek zure onetik ateratzen zaituela, oso-oso karratuak dira, eta irribarrearekin bai, baina ez diezu egin behar dutena aldatuko. Eta taldeko batzuentzat janaria.

4- Ez dut izenik gogoratzen. Baina asko. Pentsa ezazue milaka talde dagoela.

5- Egunero mila. Batez ere beraien profesionaltasunarekin flipatu dugu. Ezin duzue imajinatu zer nolako parafernalia montatu zuten autopistan hilda zegoen uso bat kentzeko, eta hori bazterrean zegoela. Edo gauez etxera itzultzen ehunka langile errepidean, kristoren segurtasun neurriekin. Lan asko egiten dutela entzun dugu beti, baina gustatuko litzaiguke guri beraien moduan lan egitea. Ez dut uste hemen bezala egunero hildakoak egongo direnik. Orokorrean, nahiz eta gauza txarrak ere eduki, gauza on asko dute beraiengandik ikasteko.

la oreja de van gogh

1- Zure hizkuntza eta zure ikuslegoa ez den jende bat kontzertuan sartu eta ongi pasatzen duela ikusten duzunean poza handia da, erronka eta zalantzak handiak izaten direlako..

2- Ez genuen izan genuen harrera espero. Ikuslego japoniarra hotza zela entzuna genuen baina guk oso gertuko sumatu genituen.

3- Esperientzia ederra izan zen eta iruditzen zaigu edonorentzat Japonian jo eta bertan diskoak saltzea pisu handiko arrazoia dela. Gainera herrialdea eta bertako ia guztia hain ezberdina izatea ere erakarpen berezia sortzen du.

4- Pizzicato Five eta Singer Songer.

5- Gure bidaia lurrikara baten azken dardarekin hasi eta tifoi baten iritsierarekin amaitu zen. Oso Japoniarra...