audio arkaitz villar
hurrengoa

Artic Monkeys

Humbug·Domino records

Britainiarren disko berria irregularra izanda ere benetako kantuak aurkitu ditugu hemen. Arctic Monkeys-ek asko ikasi du konposaketa aldetik, “My Propeller“ edo “Cornerstore“-ek erakusten duten moduan; eta betiko intentsitatea mantentzen jakin dute “Crying lightning“ hasierako kantuan. Josh Homme arduratu da kantu askoren ekoizpenaz abesti askori doinu desertiko zein hipnotikoak ekarriaz.

hurrengoa

Badboe

Break the funk·Auditory designs

Funk eta breakbeat dosi handia dator proiektu honen eskutik. Badboe Danimarkatik dator. Funk klasikoa gaur egungo break eta scratch- ekin nahasten du “Break the funk” bezalako lanak sortzeko. Lan dinamikoa da hau, bizia, martxa handikoa. Hip hop eta jazzaren eragina ezkutatu gabe “My Bad” edo “Ease the funk” dira hamabost abestietatik hemen nabarmendu nahi izan ditugunak.

hurrengoa

The Baker Brothers

Avid sounds

UKtik datorren proiektu honek funk eta soul doinuak nahasten ditu Vanessa Freeman bezalako abeslarien laguntzarekin. Doinu beroak dira “Family tree“-k erakusten duen moduan. “Shack up“-en groove asko dutela erakusten dute eta “Couldn’t get it right“ abestian joera serioena erakusten digute. Korte klasikoa dauka konposaketa eta konponketa aldetik eta 70. hamarkadara bidaiatzeko aukera aparta luzatzen digute.

hurrengoa

Delorean

Ayrton Senna·Mushroom Pillow

Zarauztarrek maisulan bat argitaratu dute e.p. honetan. “Deli”-ren arrakastak gure uhinetara iritsi aurretik gainditu zituen mugak; eta orain mundu osoko jaialdi eta komunikabideak atzetik dituzte. “Moonson” ere asko gustatu zaigu eta abesti berriek dakarten berrikuntza nagusia pop-erako joera bada ere, ez da festarako aitzakia eta doinurik falta. Mundua haien oinetara jartzea lortu dute, dantzan hori bai.

hurrengoa

Dublex Inc.

Phoenix·Infracom

Dublex Inc. Aspaldiko lagunak ditugu hemen. Alemaniako kolektibo honek elektronika eta soularen arteko dialektika interesgarriena gauzatu du azkeneko hamarkadan eta “Phoenix” da horren erakusle garbiena. Northern Soul-aren eragin bizia duen lan hau Helsinki, Madrid, London, Jakarta eta Berlinen grabatu dute. Ahotsaren presentzia gainontzeko instrumentuen gainetik nabarmentzen da eta honi esker beste dimentsio batera iritsi dira alemaniarrak.

hurrengoa

Mendetz

Souvenir·Sinnamon records

“Futuresex“ abestiak estatuko dantzaleku eta jaialdietako ateak ireki zizkion Bartzelonako laukoteari. Bere emanaldiak bizi eta izerditsuak bilakatu ziren, baina sinesgarritasuna falta zitzaien. Lanarekin lortu dute horri buelta ematea eta orain beste eragin freskoak bilatu dituzte: funk-arena adibidez, tempoa markatu eta dantzatzeko funktronik bezalako zerbait asmatuz.