hurrengoa
bonsai banzai    Klitxe edo topiko japoniarrez maitemintzen gara askotan. Tradizioari dioten begirunea, heziketa, autokontrola, udaberriko gereziondoen kolorea...Euskaldun guztiak artzain bizardun eta poxpolina musugorriak garela pentsatzearen modukoa da (gurean, asko oraindik itxura hori esportatzen saiatzen bada ere). Batzuetan ordea topikoek eta errealitate berrienek bat egiten dute eta emaitza bitxiak ematen dira.
Tokyon, geishaz jantzitako puta kolonbiar eta sorbalda zabaleko traje itsusiak janzten dituzten tipo estrainoz betetako taberna txiki batean Bonsai Banzai taldeko kide bat ezagutu genuen. BB, Bonsai Banzai, tortura jasaten duten arbolatxo hauek liberatzeko lan egiten duen askatasun frontea dela esan genezake.
Gure "lagunak", hasieran, BB kontzeptuaren atzean dagoen filosofia askatzailea azaldu digu. Taldean, izaera eta jatorri askotariko jende anitzak parte hartzen duela ere esan digu, tartean, biologo eta botanikoek. Azken hauen lana beharrezkoa izaten da, bonsai askok, urtetan jasandako bahiketa eta kimaketen poderioz Stockholm sindromea delakoa sufritzen dutelako. Mendian berriro landatzen dituztenean zainketa eta hazkundearen jarraipena egiten diete askatutako bonsaiei.
Bonsai askapen ekintzak sinpleak dira. Ninjaz jantzita, lorategi eta negutegietara sartu eta bertatik ebazten dituzte bonsaiak. Dozenaka izan dira erreskatatu eta mendian aske birlandatutako arbolatxoak. Gure ninja askatzaileak dioenez, taldeko hainbat partaide konbentzituak daude Bonsai Banzairen filosofiarekin. Baina horiek begetariano tristeak besterik ez direla dio. Berak dibertitzearren egiten duela. Gauez lorategi eta negutegi pribatuetan sartu eta bonsaiak askatzearen ekintza arrisku kirol baten moduan bizi duela. Adrenalina kontua omen da. Batzuetan putakumearena egitea beharrezkoa dela Tokyo bezalako hiri batek irentsi ez zaitzan.
Guk honezkero EBBA sortu dugu. Euskal Bonsai Banzai Adarra (kimatu gabea of course) beraz zaindu eta ongi ezkutatu torturatzaile izatera jolasteko baliatzen duzun "engendro" txiki hori...gurean ez dagoelako begetarianorik eta gure amek iragan bat dutelako...