hurrengoa
gazteak    Lau gazte dira lau. Elkarrekin bizi dira eta saio bakoitzean, euren etxea, Bagdadeko komisaldegi bat bezain suntsituta amaitzen du. Mike pubetan hazitako ingeles petoa da. Urrezko katedun pultserak eta lepo zabaleko trajeak janzten ditu. Makarra hutsa. Neil hippy tximaluzea da. Etxeko sukaldari ofiziala eta lentejen kofradiako ohorezko kidea. Vivyan, emakume izena duen punk-metal ilegorria, txikitan speed eltzean erori zen. Rick akrata eta antifaxista. "Ni-ez-naiz-homosexuala-baina-hala-banintz-ez-nuke arazorik-izango" eta soziologia ikaslea.

Oroimeneko zokoren batean gordetzen genituen lau gaizkile hauen andantzak eta triskantzak. Duela gutxi DVD formatuan kaleratu berri duten The Young Ones (Gazteak) ez da ordea nik oroitzen nuen hura: Buddy Holly sabaiko teilatuan buruz behera paraxutistaz jantzia, hitz egiten duten tostadora eta patata frijituak, apokalipsiaren lau zaldunen zine komentarioak, logelan lehoiak zaintzen dituen domadorearen esketxa, polizia eta boterearen aurkako leloak, polizia eta boterearen aurkako leloak botatzen dituztenen gaineko trufak.... Amaitu ezina litzateke telesail honetan azaltzen ziren eduki parapsikologikoen zerrendaren aipamena.

Gazteak, oroitzen genuena baino kutreagoa da, edo denborak behintzat kutreagotu du. Espero baino erritmo geldoagoa du gainera –MTV kutsuko errealizazioarekin ez du zerikusirik- eta alderdi teknikoei erreparatuta kaskarra da, telebista lokalek duten itxura zatar hori du. Horregatik da The Young Ones saio itzela. BBC kateak bi denboraldietan burua galdu eta ekoiztu zuen saioa ez maitatzea ezinezkoa da, egun halako saio bat telebistan ikustea ezinezkoa delako besterik ez bada. Askea, eroa, zikina, sinplea, astoa, surrealista, zorrotza, basikoa, azkarra, politikoki ez zuzena eta gauza guztien gainetik... maitagarria.

Eta ezin dugu aipamenik gabe utzi, lau gazte hauen etxeko egongelan jotzen ikusi ditugun taldeak. Bapatean, eta saioa eten gabe, besteak beste Maddness, Motörhead, Ramones eta 9 Below Zero bezalako taldeen zuzenekoak txertatzen ziren kapituluaren erdian.

The Young Ones, gaztetasuna bezala, laburrean luzea, denboraren iraganean errepikagaitza.