hurrengoa
software soziala lorea bidegain   Azken hilabetetan Interneten bi fenomenok protagonismo handia lortu dute, sarea partehartzaileagoa bilakatuz: b-logak eta wiki orrialdeak. Bitxia da, izan ere bi baliabideak joan den mendean sortutakoak dira, baina emeki garatzen eta sendotzen joan dira, erabiltzaile kopurua urtez urte biderkatuz, egun bilakatu diren fenomenora iritsi arte. Blog eta wiki orrialdeen ezaugarri nagusia ez datza teknologien konplexutasunean, erabiltzaileei parte hartzeko aukera luzatzean baizik. Eta gainera erabiltzaile arruntari erreztasunak emanez. Edozein erabiltzaile arrunta gai da modu intuitiboan edukiak sortzeko eta eraldatzeko b-log zein wiki orrialdetan. Komunikazioa norantza bakarrekoa izan beharrean, norantza eta jatorri anitzekoa bilakatzen da. wiki

Wiki orrialdeak editagarriak dira. Alegia, wiki teknologiarekin egindako web orrialde bat Interneten ikusten ari garelarik, bere edukia aldatzeko aukera daukagu. Eta honetarako ez da beharrezkoa HTML edo bestelako lengoaiarik ezagutzea, aski da etiketa sinple batzuk ikastea testuari formatua eman ahal izateko eta garrantzitsuena, estekak sortzeko, bai webgune bereko beste orrialdetara bai beste webguneetara. Aldaketa guztiak gordetzen dira, edozein momentuan bertsio zaharrago bat berreskuratzen ahal delarik. Wiki orrialdeak hortaz, dokumentu irekiak dira, erabiltzaileei parte hartzeko aukera luzatzen diena bere edukia zuzendu, eguneratu edota zabaltzeko, nolabaiteko auzolana. Doai guzti hauengatik, wiki teknologiaren bidez garatutako egitasmo batzuk ikaragarriko arrakasta lortu dute, esate baterako Wikipedia. Eta horretaz gain, wiki teknologia alor ezberdinetan (enpresak, hezkuntza...) egokitzen ari dira etengabe, izan ere elkarlanerako primerako lanabesa baita.
Wikipedia dugu wiki teknologiaren egitasmo ezagunena eta arrakastatsuena. 2.001eko udaberrian sortuta eta xede komertzialik gabeko Wikimedia Fundazioak sustatuta, erabiltzaileen parte hartzeari esker egun Interneten dagoen enziklopediarik handiena da ( 92 hizkuntzetan milio t'erdi artikulu) eta bisita gehien jasotzen dituzten 50 webguneetariko bat dugu.
Wikimediak baditu beste proiektu batzuk oso interesgarriak: Wiktionary (hiztegia eta tesaurus), Wikibooks (ikasliburuak eta eskuliburuak), Wikiquote (esanak), Wikimedia Commons (erabilpen askeko irudi, musika, ikusentzunezko eta testu direktorioa.

b-log

B-logak nolabait sareko diarioak dira. Berez testuak sarean argitaratzeko lanabesak dira, hauek kronologikoki ordenatzen dira, berrienak goian ikusten ditugularik. Normalki egile bakanaren testuak izaten dira eta tematikoak, baina badira ere egile anitzekoak edota gai jakin bat ez dutenak. Irakurleek testuen inguruko ekarpenak egiteko aukera izaten dute, honek erabiltzaileen parte hartzea eragiten duelarik, batzuetan benetako foroetan bilakatuz. Wikiren kasuan bezala, Interneteko edozein erabiltzaile arrunta gai da blog bat kudeatzeko inongo jakintza teknikorik eduki behar izan gabe. Honek blogen arrakasta eta hedapen azkarra eragin du. Gehienak pertsonalak izaten dira , baina gero eta gehiago enpresa munduan sartzen ari dira. Testu b-logetaz aparte, badira ere argazkikoak, bideokoak, audiokoak eta eleberrietakoak. Azken hau oso kasu bitxia da, non teknologia berriek genero literario berri bat sortzeko aukera eman duten. Eleberriak kapituluka idatzi eta argitaratzen dira maiztasun handiarekin. Egileak lehen pertsona erabiltzen du nahiko estilo hiperrealistan egile eta protagonistaren arteko mugak hautsiz. Normalki egile-protagonistari idazteko parada egoten da, istorioaren garapenean eragiteko parada emanez.

Alianzo: Berriki sortu da Barakaldon Alianzo izeneko enpresa CyberEuskadiko sortzaile den José Antonio del Moralen eskutik. Alianzo Interneten sare sozialen eta blogen sorkuntza eta kudeaketara dedikatzen da. Tresna hauek elkarlana, baita ezagutza sorrera eta transmisioa ere errazten dituzte urrutiko lantokietan dauden pertsonen artean. Alianzo software sozialean eta teknologia mota honekin sortutako sare animazioan dihardu, izan ere enpresa munduan programa hauek kolaborazioa eta jakintza sortzea eta transmititzea errazten dute.